Kaleratzeak Stop plataformako kideek jakinarazi zieten udalbatzako kideei arazoa larria dela eta Udala herritarrengandik gertuen dagoen erakundea izanik "konpontzeko ahalegin guztia" egin behako lukeela. Aretxabaletan dagoeneko lau kasu izan direla esan zuten, eta azkena, eskuartean dutena, benetan larria dela.
'Kaleratzerik gabeko herri' izendatua
Mozioarekin eskatu zuten beste batzuen artean Kaleratzerik gabeko herri izendatzea Aretxabaleta; eta beharrezko diren baliabide eta neurri guztiak erabiltzea kaleratzeak geldiarazteko. Onartu egin zuten mozioa Irabazi taldeko zinegotziaren eta EH Bildukoen aldeko botoekin.
EAJko zinegotziak eta Alderdi Sozialistakoa abstenitu egin ziren, iaztik badagoela protokolo bat zehaztuta, esanaz.
Siriako errefuxiatuen gaineko mozioa ere onartu zuten, hori aho batez. Hala, Jaurlaritzarekin, Aldundiarekin, hirugarren sektorearekin eta beste udal batzuekin lan egiteko konpromisoa hartu zuten "errefuxiatuak hartzeko tokiko sare bat egituratzeko". Lantalde bat sortuko duela agindu zuen, gainera.
Eta onartu zuten laugarren mozioa izan zen irailaren 27an, Katalunian egingo diren hauteskundeen gainekoa.
Emakumeen Mundu Martxarekin bat
EH Bilduk Emakumeen Mundu Martxarekin bat egiteko adierazpen instituzionala aurkeztu zuen, eta beste batzuen artean eskatu indarkeriari aurre egiteko ekintza protokoloak martxan jartzea; zaintzaileen bizitza hobetzeko lan egitea; eta emakumeen jabekuntza sustatzea. EH Bildukoen eta Irabazikoen aldeko botoekin onartu zuten adierazpena.
Emakume Txokoa
Osoko bilkura bukatu aurretik Emakume Txokoaren gaia jarri zuten mahai gainean EH Bilduko zinegotziek. EAJko kideak ez daude batere pozik kontuarekin; jakinarazi zuten aurreko agintaldi bukaeran, ekainaren 11n, sinatu zuela Udalak emakumeen talde batekin Zainduz gimnasioa Emakume Txoko izateko.
EH Bildukoek onartu zuten forma akatsak egon direla proiektuaren hasieran baina aukera bat emateko eskatu zieten EAJko kideei. Alkateak jakinarazi zuen orain ez daudela batere pozik kontuarekin eta lasaitu beharra dutela zer egin erabaki aurretik.