16 lagun etorri dira, Cantuquiriguaçutik, Paranako estatutik, Brasildik. Euren lurraldearen garapenerako interesgarriak izan daitezkeen esperientziak ezagutzera etorri dira Euskal Herrira. Hala, hainbat esperientzia eta ekimen ezagutzen eman dituzte egunok –esperientzia kooperatibistak eta enpresa berritzaileak, tartean–, euren herrialdean martxan jartzeko edo herri bien arteko elkarlanerako balio dezaketenak; ezagutza nahiz enpresa eta merkataritza elkartrukeetarako interesa erakutsi dute.
Teknologia eta antolaketa
Mondragon Taldean hasi dute Debagoieneko bisita-erronda, eta nekazaritza giroan murgildu dira gero, turismoa eta nekazaritza uztartzen dituen proiektu bat abiaraztea ere euren asmoen artean dagoelako. Ildo horretatik, Eskoriatzan, Areanoko nekazaritza-turismoan izan dira; eta Aretxabaletan, Mendibitzu eta Etxebarri baserriak bisitatu dituzte, okela ekologikoaren eta esnearen ekoizpena lehen eskutik ezagutzeko, hurrenez hurren. Harrituta geratu dira gurean ikusitakoarekin; bi gauzarekin, bereziki: teknologia eta antolaketa.
Astebeteko egonaldia egingo dute Euskal Herrian; zapatuan izango dute azken bisita eguna.