Herri askotan legez Aretxabaletan ere gero eta txakur gehiago daude. Udalak uste du 500 inguru direla, baina ezin jakin zehatz errolda eguneratu barik duelako. Horregatik txakurren jabeei dei berezia egin die udaletxera gerturatu eta datuak eman ditzaten.
Udal ordezkariek txakurren eta herritarren arteko elkarbizitza egokia bermatu gura dute eta txakurren jabeei gogorarazi diete indarrean dagoen araudiak zer dioen: txakurrak lotuta eraman behar direla, txakur arriskutsuak ahoan muturrekoarekin eta kakak jaso egin behar dituztela jabeek.
Horren guztiaren berri eman zieten Ingurumen saileko kideek lehenengo bileran. Jabeek jakinarazi zieten orduan txakurrek lotu barik ibiltzeko lekuak ere behar dituztela. Hala, lursail bat egokitzea horretarako erabaki du Udalak, eta atzo egindako bileran aurkeztu zieten: "Unibertsitatearen atzeko partean egongo da, eta 1.731 metro koadro izango ditu; hortaz, gura beste leku egongo da", zioen Lore Martinez Axpek, Ingurumen zinegotziak. Maiatzaren lehen hamabostaldirako izango da gertu. Hori bai, zaindu egin beharko dutela lekua gogorarazi zien "kaka-lekua" ez bihurtzeko.
Kaka sekula ez ongarria
Txakur kakek sortzen duten arazoaren gainean ere jardun zuten jabeekin. Horren garrantziaz jabetzeko Bubastis elkarteko Josune Gomez Lago kidea gonbidatu zuten eta kakak zergatik jaso behar diren gogorarazi zien elkartutako 40 bat jaberi. Era berean, esan zien txakurren kaka sekula ez dela ongarria eta horregatik lorategietatik ere jaso egin behar dela.
Txakurren heziketa gakoa
Arrasateko Orekan elkarteko kideek, ostera, txakurra ondo heztearen garrantzia azpimarratu zuten, hor egongo delako elkarbizitzaren gakoa. Txakurrak ondo hezteko eskolak oso garrantzitsuak direla jakinik aurrerago antolatzeko asmoen artean geratu zen jasota. Txakurrak aske ibiltzeko bigarren gune bat egokitzeko konpromisoa ere hartu zuten Udal ordezkariek.