Kautiskak jantzita eta guardasolak zabalik hurbildu dira umeak eta helduak Galartzara bidean dagoen Egileor baserri ingurura. Lanerako gogoz etorri dira gainera, eta aitzurrak hartzeko gertu zeuden guztiak. Landaketa Taldekoak izan dituzte lagun, eta lehen aholkuak eman ostean hasi dira zuhaitzak sartzen: urkiak, haritzak, ezkiak, lizarrak, pago lizarrak, arteak eta gorostiak. Guztira 180 inguru. Batzuk baserri inguruan landatu dituzte, eta besteak urrutiago, errepidearen beste aldean.
Aurretik egindako 40 zulo zeuden, baina urez beteta topatu dituzte eta landatu aurretik ura kentzen jardun dute. Beste batzuek, ostera, eurek egin dituzte landareentzako zuloak. Batzuk zein besteak ederto asko moldatu dira eta gaztetxoenek ere euren aletxoa jarri dute gurasoen laguntzarekin.