Sanmigelak Aretxabaletan

Aretxabaletan dena prest dute Sanmigeletarako

Maialen Torres 2014ko ira. 25a, 17:41

Badatoz Sanmigelak eta aretxabaletarrak prest daude dagoeneko herriko jaiak ospatzeko. Aurtengoan ere eutsi egingo diete urteroko ohiturei eta feriak ez du hutsik egingo, baina ohitura berriak indartzeko asmoa ere badute. [EGITARAUA]

Asteburuan ospatuko dituzte aretxabaletarrek herriko jaiak eta dagoeneko dena prest dute. Antolakuntza lanen ostean, ordea, ereindako fruituak jasotzea tokatzen da orain, eta Udalak herritarrei dei egin die, jaietan parte hartuz ondo pasa dezaten.

Urtero legez, zapatuko feria izango da egunik indartsuena. Nekazaritza ekologikoa lantzen dutenen zein artisauen postuak izango dira bertan, eta aipatzekoa da aurtengo parte hartzea. Izan ere, 50 postu izango dira azokan, horietatik zortzi, Aretxabaletakoak.

San Migel jaietako beste klasiko bat abesbatzaren kontzertua dugu, duela hamasei urtetik Anjel Barandiaranen gidaritzapean egiten dena. Aurtengoan, gainera, hainbat kolaborazio izango dituzte oholtza gainean. Horrela, koruko 38 kideez gain, lau bakarlari, hiru musikari eta 30 dantzarik ere hartuko dute parte Katiuska operaren taularatzean.

Gazteek ere egiten dute euren ekarpena, udaletxe zaharrean txozna jarriz. Gainera, aurtengoan, lortutako dirua Donostiako Piratei laguntzeko erabiliko dute.

Motorrak berotzeko, hirugarren urtez egingo duten kantu afariarekin hasiko dituzte Sanmigelak. Herrian erraz finkatu den ekintza da eta dagoeneko 600-700 pertsona biltzea espero du Udalak. Girorik ez da faltako, beraz, asteburu osoan zehar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak