Atez ateko hondakin bilketa sistemaren alde egin du aretxabaletar talde batek

Mirari Altube Arrese 2014ko mar. 21a, 16:09

Aretxabaletar taldea elkartu zen atzo iluntzean Arkupen, Udalak abian jarriko duen atez ateko bilketa sistemari babesa emateko. Eta herritarrak animatu zituzten bilketa sistema berria ezagutzera eta probatzera.

Aretxabaletarrek oso harreman estua izan dutela natur ingurunearekin gogorarazi dute Arkupen elkartutako herritarrek. Hain zuzen, zero zabor filosofiarekin bat egin duten herritarrak dira, eta hondakinak jasotzeko Udalak jarriko duen atez ateko bilketa sistemari babesa emateko agerraldia egin zuten atzo.

Aurrerapausoa eman beharra

Diote naturarekin harremana galduaz joan direla herritarrak urteek aurrera egin ahala eta errespetua ere galdu dela. Hala, natur ingurunea eta baliabideekiko errespetua sustatzeko herritar guztien parte hartzea behar-beharrezkoa izango dela gogorarazi dute, eta aurrerapauso bat ematera animatu dituzte.

"Hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklatzeko apustua egiten dugu. Norabide horretan bat egiten dugu Udalak onartu berri duen hondakin bilketa sistemarekin. Gure ustez hondakinen arazoa konpontzeko zera egin behar da: hondakin gutxiago sortu; ahalik eta gehien berrerabili; eta ahal den guztia birziklatu. Gaur arte bosgarren edukiontziak bere ekarpena egin du eta orain beste aurrerapauso bat emungo da, gaikako bilketa tasak igoteko asmoarekin".

Atez ateko bilketan parte hartzera animatu

Hondakinen kudeaketa arazo bihurtu dela gogorarazi dute gainera, eta eskuarteko erronka handia dela. Horregatik kezkatuta eta konprometituta dauden herritarrei dei egin die: "Naturarekin kezkatuta eta konprometituta dauden herritarrei deia luzaketan diegu, hondakinen arazoari planteatutako irtenbide honetan parte hartzera. Aretxabaletarrok Udalak proposatutako sistema berriarekin arduraz jokatuko dugulakoan, ahalegin bat egiteko prest gaude? Seguru baietz".

Eta hori guztia diote aurreko belaunaldietatik jasotako ondare naturala hurrengoei ere behar bezala transmititzea guztien eginbeharra delako. Horregatik saiakera egin eta konfiantza izateko eskatu diete herritarrei

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak