Iker, Ariz, Beñat, Arri, Kerman, Gilen, Julen, Jonan, Sanchez, Perez eta Ibai irten dira hasierako hamaikakoan. Oso ondo hasi dute lehia, partiduan sartuta egon dira hasieratik.
Lehenengo gola Perezek egin du penalti bidez zazpigarren minutuan. Hurrengo jokaldian Ibaik izan du gola egiteko aukera baina atezainak kornerrera bidali du baloia.
Lehenengo zatian egindako akats bakarraren ondorioz etorri da Pasaiaren berdinketa. Ezkerretik barneratzea egin, baloia erdiratu eta area ertzetik jaurti du Pasaiako erdilariak.
Bigarren zatia nahasiagoa
Bigarren zatian etxeko jokalariak ondo kokatuta irten dira eta joko ona egin dute. Aurkaria baino gehiago izan dira eta ondorioz gehiago merezi izan dute.
Jokoa, baina, nahasi egin da zelaian. Sanchezi egindako falta baten ondorioz Pasaiako atzelariak bigarren txartel horia ikusi eta zelaia utzi behar izan du. Jokalari bat gehiagorekin UDAk ondo menderatu du jokoa. "Oso ondo ikusi dugu zer egin behar genuen", azaldu du amaieran Juanan entrenatzaileak.
70. minutuan gol ikusgarria sartu du Ibaik. Area kanpotik jaurti, baloiak langa jo eta barrura sartu da. Ondorengo minutuetan etxekoek hainbat aukera garbi izan dituzte baina ez dira izan lehia erabakitzeko gauza. "Guk jarri dugu futbola, baloia ondo ukitu dugu...", zioen Juananek amaieran.
Azkeneko minutuak oso nahasiak izan dira. Hala, jokaldi nahasi batean, alderatze bat aprobetxatu dute pasaiarrek berdinketaren gola egiteko. Luzapena zen, eta horrek asko haserretu du Aretxabaletako jendea.
"Ez dut ulertzen nola eman dituen bost minutu. Gure masajista behin sartu da zelaira eta minutu erdi egin du. Oso berotuta nago...", azaldu du UDAko entrenatzaileak.