"Duela 25 urte, nire amak jarri zuen ahabi-plantazioa hemen. Garai hartan, inork ez zekien zer zen ahabia. Gogoan dut, amarekin azoketara joaten nintzenean, jende guztiak basaranak zirela uste zuen. 2013an, nire ama hil egin zen, minbizi baten ondorioz, eta urte batzuk geroago nik hartu nuen proiektuaren ardura", azaldu du Atxineta baserriko Igor Asartak,
Hala, duela hamar bat urte Igor Asartak hartu zuen amaren lekukoa eta bisita gidatuak egiten ditu urtero, alabaren laguntzarekin. Aurten, esaterako, 2.000 herritarrek hartu dute parte uztailean eta abuztu hasieran egindako bisitetan, hori baita, hain zuzen, uzta jasotzeko garaia. "Uztailean, gehienbat Gasteiztik, Durangaldetik, Bilbotik, Donostiatik eta Arrasate ingurutik etortzen dira bisitariak. Abuztuan, ordea, bisitarien profila aldatu egiten da. Hau da, landetxeetan ostatu hartuta dauden turistak izaten dira nagusiki, ekintzaren bat egiteko gogoz daudenak".
Ekoizpenaren zati handiena izoztu egiten dute, urte osoan zehar eraldatzeko. Hala, %100 naturala den ahabi-zukua egiten dute, baita hiru marmelada mota ere: azukre ekologikoarekin, fruktosarekin eta agabe-xarabearekin.
Gaur egun, 4.000 landare dituzte eta hiru barietate, Bluetta, Patriot eta Elliot; bakoitza bere heltze-garaiarekin. Lehortearen ondorioz, hala ere, uzta jasotzeko garaia lehenago amaitu da aurten eta, beraz, abuztu hasieran egin zituzten azken bisitak. Saio horietan, bisitariek ordubete inguruz ahabiak biltzen dituzte, ahabiaren landarea ezagutuz eta bilketa bera nolako lana den esperimentatuz. Ostean, heldu bakoitzak kilo bat inguruko kaxa eramaten du etxera.
Zalantzarik gabe, oreinak eta horietako batzuek dituzten adar handiak dira herritarren arreta gehien erakartzen dutenak, baita garajean gordeta dituzten beste adar batzuk ere. Izan ere, oreinei urtero aldatzen zaizkie adarrak. Horiez gain, baserriko soroetan dituzten behiak, zaldiak, poneyak eta oiloak ere erakusten dizkiete bisitariei. "Bisitari gehienak familiak izaten dira, ume txikiekin. Beraz, gure helburua izaten da umeek naturarekin eta animaliekin harremana izatea, orein bati adarrak ukituz, adibidez".
Lehen sektoreak bizi dituen garai zailotan, lanik ez da falta Atxineta baserrian eta urtez urte jasotzen duten bisitari kopuruak erakusten du egindako lanaren fruitua ona dela. Beraz, horretan jarraituko dute buru-belarri datorren uztailera arte ere, orduan iritsiko baitira hurrengo bisitariak, uzta jasotzera.