Duela 25 urte fruta ezezaguna zen ahabia inguruan, eta Atxineta baserriko Igor Asartak gogoratu du azoketan jende askok ez zekiela zer zen. Urte batzuk geroago, amaren heriotzaren ondoren, landaketa albo batera geratu zen; duela zazpi-zortzi urte, ordea, Asartak hartu zuen proiektuaren ardura.
Ekoizpena indartu egin du
Gaur egun, 4.000 ahabi-landare dituzte, hiru barietatetan banatuta: Bluetta, Patriot eta Elliot. Barietate bakoitzak heltze-garai bat du, eta, horri esker, uztak uztail osoan eta abuztu hasierara arte irauten du. Aurten, lehorteak aleen tamainan eragin du. "Ahabiak txikiagoak dira, baina zapore oso ona dute; eguzkiak gozotasuna areagotu die", azaldu du Asartak. Ekoizpena, hala ere, iazkoaren parekoa izatea espero du.
Atxinetako ahabi guztiak ekoizpen ekologiko ziurtatuarekin lantzen dituzte. Ez dute pestizidarik ez herbizidarik erabiltzen, eta ongarria baserriko azienden simaurrarekin eta ongarri ekologikoarekin osatzen dute. Asartaren esanetan, helburua da "kalitate oneko fruitua lortzea".
Bildutako ahabiez gain, ekoizpenaren zati handiena izoztu egiten dute, urte osoan zehar eraldatzeko. %100 naturala den ahabi-zukua egiten dute, baita hiru marmelada mota ere: azukre ekologikoarekin, fruktosarekin eta agabe-xarabearekin.
Bisita gidatuak
Uzta garaiarekin batera, bisita gidatuak egiten dituzte, aste barruan arratsaldez eta asteburuetan goizez eta arratsaldez. Bisitariek ordubete inguruz ahabiak biltzen dituzte, eta heldu bakoitzak kilo bat inguruko kutxa eramaten du etxera. Ondoren, baserriko animaliak ezagutzeko aukera ematen dute: oreinak, behiak, ardiak, zaldiak, poneyak eta oiloak. Oreinak eskuz elikatu eta ukitu ere egin daitezke, eta, amaieran, ahabi-zukua, marmeladak eta gazta dastatzeko tartea ematen dute.
Bisitek bideragarritasuna ematen diote: "Lehen sektorean kate handien menpe egonez gero, oso zaila da errentagarria izatea. Bisitek eta salmenta zuzenak aukera ematen digute ustiategia mantentzeko eta inguruko bezeroekin harreman zuzena izateko", adierazi du. Haren esanetan, Oletara bisitariak erakartzen ditu eta inguruko ekonomia sustatzen laguntzen du.