ALBISTEAK

Aramaioko udal gobernuak jaien balorazioa egin du

Mireia Bikuña 2026ko abuztuaren 7a

Sanmartinak bukatu eta hilabetera, abuztuko osoko bilkuran egin zuen Aramaioko udal gobernuak jaien balorazioa. Eta, eragile eta herritarren egindako balorazioa aipatutako berba berdinak erabili dituzte: amorrua eta herri izaera.

Sanmartinetan bizi izandako une gogorren ostean, eta "lasaitasunetik", Aramaioko udal gobernuak jaien balorazioa egin du. "Aurtengo jaietan, gurutzatu eta larritu egin dira azkeneko urte luzeetan herrian gertatu diren hainbat kontu. Hain zuzen ere, nabarmendu nahi dugu ez dela azken egunetako kontua bakarrik. Gertatu da udal ordezkari bat jazarri izanda. Gertatu da, era berean, udal ordezkari baten etxera herritar bat modu txarrean joan izana. Eta, gertatu da, herritar talde batek, hainbat hilabeteetan zehar, txistu eta hitzezko erasoak egin izana udal ordezkariei. Baina, aurtengo jaietan, jazarpen horrek pausu bat harago eman du eta eraso fisikok bihurtu da: udal ordezkari bat jo dute. Eta, horrek daukan larritasuna gutxietsiz, jaien ostean ere jazarpenak jarraitu egin du", esan dute balorazioan.

Uda eraikinen kontrakoa erasoak ere aipatu dituzte balorazioan. "Kiroldegiko, eskolako jangelako edo kultura etxeko ateek, hainbat alditan behartzearen ondorioz, duten egoera da horrek erakusgarri. Kiroldegian baimenik gabe sartzea ere ez da berria, baina inolako baimenik eskatu gabe futbol partidu bat antolatzean, eraikina irekita eta ostean, dena egoera tamalgarrian uztea, hori berria da. Edozein lekutan sua egitea ere ez da berria, baina berria da aizkora batekin parkeko eserlekuak, zuhaitzak eta zutabeak erasotzea".

Herritarren babesa

Erasoen egunetik herritarrengatik, erakundeengatik eta norbanakoengatik jasotako babesa eskertzeko ere erabili dute jaietako balorazioa. "Herritarren babesa eskertu nahiko genuke. Jaietako zapatuko kontzentraziotik hasi, hitz goxoekin eta besarkadekin jarraitu, eta egoeraren aurrean herritar eta talde ezberdinek emandako erantzunak eskertu nahi ditugu. Egoera honi egun batetik bestera ez diogula buelta emango uste dugu. Egoerari aurre egiteko, azken egunetan erakutsi den bezala, herri mailako erantzuna funtsezkoa dela uste dugu. Erasotzaileak, izan pertsonen aurka edo herriko ondarearen aurka, lagunen eta ingurukoen babesa izateari uzten dionean utziko ditu erasoan. Horretan sinetsita gaude", azpimarratu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak