Aramaioko San Martin jaiak "giro onean eta parte-hartze handiarekin" ospatu badira ere, hainbat eraso eta kalteren ondorioz markatuta geratu dira. Zinegotzi baten aurkako erasoa, udal ondasunetan egindako kalteak eta herriko hainbat gunetan izandako erasoak izan dira.
Gertakari horien harira, Udalak hainbat ohar eta erabaki hartu ditu, eta herritarrekin egindako balorazio irekian ondorioztatu dute jaiak "arraroak eta gogorrak" izan direla, baina baita "herri kohesionatu baten erakusle" ere, adierazi du Kultura zinegotzi Libe Ramilak.
Lehen erasoa
Lehen gertakari larriena uztailaren 4an izan zen, zapatua. Kale garbiketan laguntzen ari zen udal ordezkari bati eraso egin ziotela adierazi zuen Udalak, eta, horren ondorioz, goizeko umeen tailerra egin zen, baina, esaterako, patata-tortilla lehiaketa bertan behera gelditu zen.
Arratsaldean, berriz, herriko eragileekin egindako bileraren ostean, jai-egitarauarekin aurrera egitea erabaki zuten. Udal ordezkariek ekitaldi publikoetan ez parte hartzea erabaki zuten, eta ardura hori herriko elkarteek hartu zuten beren gain.
Iluntzean, herritarrek manifestazio isila egin zuten, erasoa salatzeko. Amaierako adierazpenean nabarmendu zuten ez zutela gertatutakoa "gertakari isolatutzat" hartzen, eta indarkeriak Aramaion lekurik ez duela aldarrikatu zuten. Era berean, udal ordezkariei eta herrigintzan ari diren boluntarioei babesa adierazi zieten.
Jaietan beste hainbat eraso
Jaiak amaitu aurretik, bestelako eraso batzuk ere izan ziren. Uztailaren 6an, astelehena, Udal Gobernu Taldeak jakinarazi zuen parke inguruan kalte ugari egin zituztela: zuhaitzak aizkoraz mozten saiatu ziren, hesiak errekara bota zituzten, seinaleak eta banku bat lekuz aldatu zituzten eta jaietarako jarritako komunak lastoz bete zituzten. Horrez gain, kiroldegian baimenik gabe sartu eta instalazioak zikin utzi zituztela salatu zuen: "Guztia zerri eginda dago. Ondorioz, goizeko antzerki saiora etorri diren aktoreek ez dute aldagela duinik izango". Eta hau gaineratu zuten: "Jada ez dugu hitz egokirik aurkitzen gertatutakoen inguruko iritzia emateko".
Festen ostean ere bai
Handik bi egunera, uztailaren 8an, beste eraso batzuk jakinarazi zituen Udalak: kultura etxeko komunetan pintaketak egin zituzten, su-itzalgailuak areto nagusira bota zituzten eta ludotekan sartu ziren, atea apurtuta. Gainera, udalekuetako materialarekin ere ibili zirela esan zuten. "Berriz ere, hitzik gabe gaude", adierazi zuten.
Zapatuan, berriz, herritarrak konturatu ziren parkean dagoen Bizente Goikoetxea eskulturari sudurra eta belarri bat apurtu zizkiotela.
Uztailaren 12an, Andra Mari inguruan zaborra lurrean botata agertu zen.
Herritarren eta eragileen kezka
Gertakariek erreakzio ugari eragin dituzte herrian. Gazte Asanbladak nabarmendu du herriko espazio eta azpiegiturak "guztionak" direla, eta horiekiko errespetua bultzatzen dutela. Era berean, gaitzetsi egin ditu inolako justifikaziorik gabeko eraso fisikoak eta indarkeria, eta espazio seguruak bermatzeko protokoloak martxan mantenduko dituela adierazi du.
Sare sozialetan ere izan dute oihartzuna gertakariek. Herritar batek salatu zuen parkean boluntarioek landatutako zuhaitzak moztu izana. "Zenbait boluntario Aramaioko berdeguneak berrantolatzen hasi ginen duela gutxi, eremu jasangarriagoak, atseginagoak, irisgarriagoak, inklusiboagoak eta goxoagoak sortzeko asmoz. Mimoz hautatu genituen landatu beharreko zuhaitzak, dagokion sasoi eta lekuan landatu, eta mendeak iraungo dutela sinetsita zaindu ditugu gaur arte", idatzi zuen. Eta gaineratu zuen "gizon gazte artabururen batek" moztu egin zituela, eta jokabidea gogor kritikatu du. Gaineratu du halako ekintzek indarkeria besterik ez dutela islatzen, eta "helburu iraultzailerik gabeko errebeldia" dela. Hala ere, amaieran, eskerrak eman dizkie herrian dauden "sare eta komunitate ederrei, egun ilunak argitzen asmatzen dutelako".
Uztailaren 9an, berriz, Aramaioko Guraso Elkarteak oharra argitaratu zuen, azkenaldiko gertaerekin "kezkatuta" daudelako. Parkean, kultura etxean eta kiroldegian egindako kalteek haurrengan "beldurra eta segurtasunik eza" eragiten dituztela salatu zuten, eta txikienen "eskubideak eta ongizatea" erdigunean jartzeko dei egin zuten.
Kalteek jaiak amaitu ondoren ere jarraitu zuten. Uztailaren 10ean, hau da, aurreko egubakoitzean, Eki tabernako lau aulki errekan botata agertu ziren. Hauxe esan du tabernako jabe Itziar Axpek: "Jaien osteko egubakoitz goizean tabernako terraza jartzera nindoanean konturatu nintzen lau aulki falta zirela. Eta pentsatu nuen bateren batek lapurtuko zituela. Eguerdian, telefono dei bat jaso nuen esaten ume batek ikusi zituela aulkiak errekan eta tabernako aulkiak zirela. Begiratzera joan ginen, eta bai, parkeko errekan, zubi azpian, zeuden botata. Kokoteraino nagoenez herrian dagoen egoerarekin, salaketa jarri nuen". Gaineratu du edozein egunetan beste zerbait gertatzen bada, eta, esaterako, aseguruari zerbait jakinarazi behar badio, salaketa jarri behar dela, eta horregatik salatu zuela. "Amorru handien ematen didana da beste batzuek ez dutela egiten egin behar dutena", adierazi du.
"Arraroak eta gogorrak"
Aurtengo egoera berezia ikusita, balorazio bilera irekia egin zuen Udalak astelehenean. Hogei bat lagun elkartu ziren, Libe Ramila Kultura zinegotziaren arabera, eta jaiak "arraroak eta gogorrak" izan direla ondorioztatu zuten, baina baita "onak" ere, eta "herri sendo eta kohesionatu baten erakusle". Nabarmendu zituen "herritarren erantzuna eta parte hartzea", "bai kaleak hartzeko garaian, bai laguntzeko prest egoteagatik". Ramilaren esanetan, bilerak agerian utzi zuen jaiak modu kolektiboan antolatzen jarraitu beharra dagoela, eta izandako erasoen harira, herri mailako estrategiak lantzea ezinbestekoa izango dela. Herrian "ardura eta kezka" daudela nabarmendu zuten, eta etorkizunera begira egoera horiei aurre egiteko bideak elkarrekin landu behar direla ondorioztatu zuten.