Haurren eta horien zaintzaileen eskubideen eta ongizatearen aldeko oharra idatzi du Aramaioko Guraso Elkarteak. Bertan diote haien "kezka eta gaitzespenik irmoena" adierazi nahi dutela azkenaldian haien inguruan gertatzen ari diren ekimenen aurrean, "non haurren oinarrizko eskubideak eta babesa nabarmen urratzen ari diren".
Diote herriko parkean, kultur etxean, kiroldegian egindako kalteek argi uzten dutela "egoeraren larritasuna". "Ekintza horiek haurrengan zuzeneko inpaktu emozionala, beldurra eta segurtasunik eza eragiten dituzte. Horregatik, jarrera horiek publikoki salatzeaz gain, haurren eta beraien zaintzaileen zaurgarritasunaz baliatzen den inolako erasorik ez dugula onartuko aldarrikatzen dugu". Gaineratu dute funtsezkoa dela "denon artean muga argiak ezartzea, haurren ongizatea eta garapen osasuntsua erdigunean jarriz".
Nabarmendu dute baita ere "guztion ardura" dela txikienen babesa bermatzea eta haientzat ingurune "seguru eta errespetuzko bat eraikitzea", dela parkean, dela herriko aisialdi gunetan...
Eta honekin amaitu dute: "Azken batean, gure haurren oraina zein etorkizuna babestea gure lehentasunezko eta nahitaezko betebeharra da".