Erasoa "irmoki" salatu dute Aramaioko herritarrek eta herri eragileek egindako manifestazioan

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 4a

Iluntzean Aramaion egindako manifestazioa.

Plazan hasi eta bukatu den manifestazioan herritar askok hartu dute parte. Amaieran, hitza hartu dute hainbat herri eragileetako ordezkarik eta gertatutakoa ez dutela gertakari isolatutzat hartzen esan dute: "Gure herrian indarkeriak ez duela lekurik aldarrikatzeko konpromiso kolektiboa ere bada".

Aramaioko zinegotzi batek zapatu goizean jasandako erasoa "salatzeko" eta "elkartasuna adierazteko" manifestazioa deitu dute iluntzerako, 19:30erako, herriko eragileek. Herritar asko batu da ordu horretarako plazan –Aramaioko, Arrasateko eta Leintz Gatzagako zinegotziak ere bai tartean– . Txosnak eta herriko tabernak itxi egin dituzte eta parkean ordu horretan jotzen ari zen taldeak ere etena egin du.

Isilik eta pankarta barik egin dute manifestazioa eta amaieran hitza hartu dute herriko eragile ezberdinetako zenbait kidek. Txandaka irakurri dute prestatutako oharra. Esan dute "herriko zinegotzi batek, lanean ari zela, jasandako erasoa irmoki salatzeko" elkartu direla eta gertatutakoa ez dutela gertakari isolatutzat hartzen: "Horregatik, gaurko elkarretaratzea ez da eraso jakin baten aurrean emandako erantzuna bakarrik; gure herrian indarkeriak ez duela lekurik aldarrikatzeko konpromiso kolektiboa ere bada".

Errespetuaren, elkarrizketen, herrigintzaren eta elkarren zaintzaren garrantzia ere azpimarratu dute, "herriaren oinarria" direnak: "Herri bat ez da eraikitzen irainekin, mehatxuekin eta betebeharrik gabeko exijentziekin. Herri bat errespetutik, elkarrizketatik, herrigintzatik eta elkar zaintzetik eraikitzen da. Horiek dira Aramaixok behar dituen oinarriak, eta horiek dira defendatu nahi ditugunak". 

"Aramaixo bizigarri egiteko lana egiten duten guztiei" euren babesa dutela ere esan dute "bereziki, herritarren zerbitzura, borondatez eta konpromisoz, udal ardurak hartzen dituztenei". Eta gehitu dute: "Egiten duten lana ezinbestekoa da. Eskerrak eman nahi dizkizuegu, bihotzez, herriaren alde lanean ari zareten guztioi: udal ordezkariei, herriko elkarteei, inplikatzen zareten herritar guztiei eta egunero, isilean askotan, komunitate hau bizirik mantentzen duzuen guztioi. Zuen konpromisoari esker da Aramaixo gaur dena, eta zuen lanari esker izango da etorkizunean ere bizi nahi dugun herria".

Herri eragileetako kideak ekitaldi publikoetan

Beldurraren bidez inor isilaraztea ez dutela onartuko gehitu dute herri eragileetako ordezkariek: "Ez dugu onartuko indarkeriak gure harremanak baldintzatzea. Eta irmo defendatuko ditugu elkarbitzitza, errespetua eta elkartasuna".

Halan, jaietako programazioaren baitan aurreikusitako zinegotzien ekitaldi publikoen ardura herritarrok hartuko dutela adierazi dute –domeka eguerdiko ume jaioberrien ongietorri ekitaldian ez dira udal ordezkariak egongo, dantza taldekoek egingo dute lan hori eta iluntzeko parrilladan, berriz, trikiti eskolakoek beteko dute udal ordezkariek egiten duten lana–. "Eta bihar eta etzi ere, herriko kaleak hartzeko deia egiten dizuegu, paseiloan eta danborradan Indarkeriarik gabeko Aramaixo bat aldarrikatzen jarraitzeko" esanaz bukatu dute oharra. Txalo zaparradarekin erantzun diete plazan entzuten egon diren herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak