ALBISTEAK

Produktu ekologikoak zein tokiko ekoizleen lana ezagutaraztea izan du helburu Lorabarrik

Olaia Milikua 2026ko maiatzaren 12a

Lorabarri Azokaren hamalaugarren edizioa egin zuten joan den zapatuan, Aramaion. Askotariko elikagai ekologikoak izan ziren salgai; eta horrez gain, joskintza lanak eta kosmetika naturala. Antolatzaileak zein ekoizleak pozik agertu ziren jendearen harrerarekin, eta azokak hartu duen oihartzunarengatik. 

Antolatzaileek "apustu sendoa" egiten dute ekologikoaren alde. Eta, aurten ere, askotariko produktuak egiten dituzten ekoizleak izan dira salmenta postuetan. Elikagai ekologikoez gain, tokiko ekoizleen lana ezagutzeko eta kontsumo arduratsuaren alde egiteko aukera ere izan zuten azokara bertaratu zirenek. Izan ere, joskintza lanak eta kosmetika naturaleko produktuak erosteko aukera izan zen. Tartean, Eskozap elkarteko Yurre Romaratezabal Mexikoko Chiapaseko produktuak saltzen, hango komunitateari laguntzeko. 

Ekimenaren helburu nagusia elikadura burujabetzaren inguruko kontzientzia indartzea eta herritarrak gai horren garrantziaz hausnartzera bultzatzea dela azaldu du antolakuntza taldeko Irati Mujikak. Haren esanetan, gaur egungo kontsumo ereduek eta elikadura sistemek erronka handiak sortzen dituzte bai ingurumenaren aldetik, bai tokiko ekoizleen egoerari dagokionez; horregatik, beharrezkotzat jo du alternatiba bidezkoagoak eta iraunkorragoak sustatzea. Mujikak nabarmendu du tokiko produktuen alde egiteak, gertuko ekoizleei babesa emateaz gain, kontsumo arduratsuago baten aldeko urratsak ematea ere badakarrela. Era berean, ekimenaren bidez herritarren parte-hartzea sustatu nahi izan dute, elikaduraren inguruko erabakiak ikuspegi sozial, ekonomiko eta ekologikotik aztertzeko gonbita eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak