Kontsumo elkarteak ekonomatua zabaldu berritan antolatu zuen lehenengo Lorabarri azoka, eta Irati Mujikak aipatu bezala, pixkanaka Euskal Herriko ekoizle ekologiko ezberdinak ezagutzen joan dira.
Pozik azaldu da ekimena hamalaugarren aldiz antolatu dutelako, eta jendeak ondo erantzun duela baieztatu du. Gaur saltzaileak aterpean babestu dira badaezpada, baina eguraldia errespetatu egin die. Aramaioarrak tantaka azaldu dira 11:00etatik aurrera, eta eguerdirako plazak beste itxura bat hartu du.
Salgaien artean bermuta eta ardoa moduko edariak, olioa, behi-gazta, ogia, ukenduak, garbitzeko produktu naturalak eta arropa-osagarriak erosteko aukera izan dute bisitariek. Baita ekoizleekin bertatik bertarako tratua izatekoa ere.
"Neurri txikian, aukera polita eta zabala" egon dela azpimarratu du Mujikak, tokikoa kontsumitzeari balioa emanda: "Gaur egun elikadura industria gutxi batzuen eskuetan dago, kamioien datorrena jaten dugu. Hortaz, ezinbestekoa da zuzenean ekoizleekin harremana edukitzea, zuzenean erosteko aukera izatea, eta hori ematen dute azokek. Elikadura burujabetza lantzeko gure ekarpentxoa egiten dugula uste dugu".