Ateak zabaldu ditu Aramaioko RK gaztetxeak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko abenduaren 13a

Goizeko hitzaldia, Aramaixoko RK gaztetxean. (Argazkia: I.A.A.).

Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak (ATGA) kudeatuko duen RK gaztetxea inaugurazio festa ari da ospatzen gaurko egunez. Goizeko lehen orduan zabaldu ditu ateak eta gauean izango diren kontzertuekin borobilduko dute ekitaldia.

Duela urtebete pasa itxi zuen Aramaioko Udalak gazte lokala, osasun eta segurtasun neurriak betetzen ez zirelako, baina ATGAk ikusi zuen "urte askotan herrian egon zen hutsunea betetzeko" ordua zela. ATGAk urtebete darama RK izango denaren bueltan lanean, eta irailetik hona zapatuero batu dira gaztetxeari orain duen irudia emateko. Gazte lokala zena bilakatu dute gaztetxe eta gunea txukuntzeaz gain, hainbat mural margotu dituzte; besteak beste, asanbladaren irudia edota herriko armarria.

Asanbladako kide June Ballesterosek eta Ixiar Bikuñak adierazi dute herrian bazegoela adin tarte bat –gutxi gorabehera 16-20 urte bitartekoa– ez zuena non elkartu eta hortik sortu dela gaztetxea sortzeko ideia. "Urte askotan zehar hutsune handi bat egon da. Gaztetxea izango da gune kultural eta politiko bat emango diona herriari", gehitu du Ballesterosek.

Herritar guztiei zabalduta

Dena den, ATGAren ustez, gune berriaren eta herriaren arteko harremanak "bi aldeetako hartu-emanean" oinarritu behar du, eta hor jarri dute azpimarra asanbladako kideek. "Jakinda herri txiki bat dela eta adin tarte ezberdinetako jendearen artean harreman handia dago. espazio honek ahalbidetzen du adin ezberdinetako jendea batzea, eta harreman hori sendotzea denon artean", adierazi du June Ballesterosek. Bikuñak argi utzi du gaztetxea herritar guztiendako dela eta gaztetxea badela aitzakia elkarren arteko harremanak hobetzeko.

Aramaioko RK gaztetxea barrutik. (Argazkia: I.A.A.).

Kudeaketa, ATGAren esku

Gaztetxea kudeatzeko ardura ATGAk izango du, Udalarekin egindako hitzarmenari esker. Asanblada irekiak egiten jarraituko dute, herritarren nahiak eta interesak zeintzuk diren jakiteko. "Lehen aldia da asanbladak horrelako espazio bat duena eta uste dugu oraindik pauta batzuk jarraitu behar ditugula. Honen ostean balorazio bat egin beharko dugu ikusteko zelan joan den, zer behar duen herriak, zer emateko prest gauden…", dio Ballesterosek.

Gaurko ekitaldiak

Herriarendako eta herriko artisten laguntzarekin antolatutako egitarauarekin zabaldu ditu ateak RK-k. Ate irekieraren ostean, gune autogestionatuari buruzko hitzaldia eman dute Irati Nafarratek, June Ballesterosek eta Joseba Agirregomezkortak. Gaztetxearen egoeraz eta garrantziaz hitz egin dute Aramaioko testuingurutik abiatuta. Ostean, poteoa egin dute, eta Abarrategi anaiekin bertso-bazkaria egin dute. Arratsaldean, musika izango da protagonista. Batetik, Txarli Bluek kontzertu akustikoa emango baitu, eta gauean, 22:00etan, hasita, Sindy Berbenas, The Clayton eta DJ Roko&Keoren kontzertuak antolatu dituzte. AGTAkoak "oso pozik" daude osatu duten egunarekin, eta, batez ere, herriko artistek erakutsi duten konpromisoagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak