Bihartik aurrera gaztetxea izango du Aramaiok. RK izenarekin inauguratuko du gunea Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak (ATGA). Duela urtebete pasa itxi zuen Aramaioko Udalak gazte lokala, osasun eta segurtasun neurriak betetzen ez zirelako, baina ATGAk ikusi zuen "urte askotan herrian egon zen hutsunea betetzeko" ordua zela. "ATGAtik aukera moduan ikusi genuen gure proposamen politikoa Udalari plazaratzea, eta, hainbat bileraren ostean, hitzarmena sinatu genuen Udalarekin, herriko lokala Asanbladak kudeatutako espazio bihurtzeko", azaldu dute.
Egun osoko egitaraua
Herriarendako eta herriko artisten laguntzarekin antolatutako egitarauarekin zabalduko ditu ateak RK-k. Egunaren hel- buru nagusia gaztetxearen irekiera ospakizuna da, eta horregatik, gunea ezagutzeko tourra egingo dute, "han egindako lan guztia herriari erakusteko". Ostean, gune autogestionatuari buruzko hitzaldia egingo dute, gaztetxearen egoeraz eta garrantziaz hitz egiteko Aramaioko testuingurutik abiatuta. Ondoren, poteoa egingo dute herrian zehar eta bertso baz- karia egitera itzuliko dira RKra. Abarrategi anaiak arituko dira bertsotan, eta Txarli Blueren akustikoak emango dio jarraipena saioari. Bukatzeko, 22:00etarako, Sindy Berbenas, The Clayton eta DJ Roko&Keoren kontzertuak antolatu dituzte. AGTAkoak "oso pozik" daude osatu duten egunarekin, eta, batez ere, herriko artistek erakutsi duten konpromisoagatik.
Urtebete daramate RK izango denaren bueltan lanean, eta irailetik abendura bitartean zapatuero batu dira gaztetxeari orain duen irudia emateko. Hiru egunetan ere egin dute auzolana. Hartu duen itxura, ordea, zapa- tuan bertan erakutsiko dute, "sorpresa" izatea nahi baitute.
Gazteen beharretatik harago
AGTAren ustez, gune berriaren eta herriaren arteko harremanak "bi aldeetako hartu-emanean" oinarritu behar du, eta asmo horretatik abiatuta antolatu dituzte asanblada irekiak. "Hau ez da Gazte Asanbladak egingo dituen proposamenetara mugatuko, edozein ideia izango da ongietorria. Modu orokorrean, herria batzeko eta proiektu berriak sortzeko espazio bat izango da RK, herriari eskaintza politiko eta kulturala eskainiko diona", diote.
Azpimarratu dute gaztetxe izendatu arren "ez dela gazteen jardun edo aisialdira" mugatuko. Asanbladakoek nabarmendu dute oso presente dutela Aramaio herri txikia den heinean "berezkoa duela eta eduki egin behar duela belaunaldien arteko nahasketa, eta hori sustatzera ere badatorrela espazio hori".

Kudeaketa, ATGAren esku
Gaztetxea kudeatzeko ardura ATGAk izango du, Udalarekin egindako hitzarmenari esker, baina hartu-emanetik planteatu dute erabilera. Asanblada irekiak egiten jarraituko dute, herritarren nahiak eta interesak zeintzuk diren jakiteko.
Erabilera baldintzei dagokienez, RK "zapalkuntza gabeko mundurantz doan espazioa" izatea nahi dute. "Asanbladakook argi daukagu RK-k gune seguru eta askea izan behar duela; alde horretatik, erasotzaileak, faxistak eta abar ez dira ongietorriak izango espazio honetan".
Izena, errekatik
Gaztetxeak izango duen izenari ere eman dizkiote bueltak, eta, hasiera batean, Errekagain izena jartzea pentsatu zuten, erreka gainean dagoelako. Izena, ordea, "oso luzea" zela iruditu zitzaien, eta Erreka izenez izendatu dute gaztetxea. Dena den, "zerbait ezberdina izateko", laburtu eta RK izango da.
Zenbait proposamen eginda
Aurreratu dute eraikinak ez duela lehengo gazte lokalaren izaera edukiko, eta, horregatik, egitarau bat antolatzen denean bakarrik egongo dela zabalik. Egin dituzten asanblada irekie- tan hainbat proposamen eta gai atera dira datozen hitzorduetara begira, hala nola kakorratz tailerra eta zineforuma. Hala ere, azaldu dute espazioak duen izaera politikoa, eta, horregatik, "antolatzeko eta kontzientzia politikoa hartzeko espazio bat ere izango da".
Zapatuko egitaraua
RK gaztetxea inauguratzeko honako egitarau hau antolatu dute biharko:
- 10:00 RK Tourra.
- 10:30 Hitzaldia: Espazixuek.
- 13:00 JBL poteoa tabernetan.
- 14:30 Bertso bazkaria, Abarrategi anaiekin.
- 17:30 Kontzertu akustikoa; Txarli Blue.
- 22:00 Kontzertuak: Sindy Berbenas, The Clayton eta DJ Roko&Keo.