Asmoa da kultur etxeko eta eskolako ur-beroa biomasa bidezko galdara batekin sortzea; ahal izatekotan, kiroldegikoa ere bai. Gaur egun, erregai fosila erabiltzen da horretarako. Egun, bi galdara daude, eta horiek kenduta eskolan jarritako galdararekin, eta lur azpitik hodiak sartuta, hiru eraikinetako berogailua eta ur beroa egurrarekin sortuko lukete.
Ur-ihesari dagokionez, egungo ur sarean hobekuntzak egingo lituzkete, egungo sareak 40 urte dituelako ia. "Leku batzuetan, sarean kontagailuak jarriko dira, jakiteko ihesetan zenbat ur joaten den, ihesak non dauden eta azkarrago jokatzeko. Gero, depurazio plantetan ere inbertsioak egitea. Azkoagako depurazio plana 40 urtera gerturatzen ari da, 30 urte dauzka dagoeneko. Hor ere inbertsioak egin behar dira. Helburua da aurrerago deposito handi bat egitea, Etxaguenen eta bailarako ur guztiak handik kudeatzea, baina hori egiten ez den bitartean, egokitu egin behar dugu", zioen Asier Agirre Aramaioko alkateak plenoaren ostean.
Azpimarratu du, duela 40 urte ur-sarearen proiektua "zerbitzu konkretu batzuk" emateko diseinatu zela; hain zuzen ere, baserrietan, ura etxean eta sukaldean izateko: "Orain zer gertatzen da? Etxebizitza asko egin dira, baserri askotan bi etxebizitza atera dira. Herriko ura erabiltzen dute eta igerilekuak betetzen dira. Ur-jardinak jartzen dira ur pila batekin hori guztia gaindimentsionatuta dago dagoen sarerako. Hausnarketa bat egin behar da, eta aprobetxatu behar da instalazio honetan horrek guztiak ahalik eta ondoen funtzionatu dezan".
Epeei dagokienez, Aramaioko alkateak aurreratu du derrigortuta daudela bi obra horiek datorren 10 hilabeteetan egitera. Hortaz, aurreikuspena da lizitaziora irailean ateratzea, eta urte amaierarako bideratuta egotea bi obrak.
AFAri errepideko hainbat eskaera
AHTaren obrek kaltetutako errepideak konpontzen hasi zen Adif Aramaion ekainean, baina orain Arabako Foru Aldundiari eskatu diote Kuatrobientoseko, Bolinburu baserriko malda eta Untzillako auzuneko hainbat errepide konpontzeko. Agirek adierazi du Kuatrobientoseko sarrea "oso gaizki" geratu zela, "ispilu triste" batekin, eta hori aldatzeko eskatzen dutela.
Untzillan ari dira lanean, baina "trafikoa azkar" ibiltzen dela dio: "Errepidea zabaldu nahi dute, eta horrela, jendea azkarrago joango da. Nahi duguna da oinezkoen segurtasuna bermatzea auzotik auzunera, eliza ingurura". Gainera, azpimarratu du GR-121 ibilbidea ere hortik igarotzen dela, eta asteburutan "jende pila" ibiltzen dela: "Oinezkoendako bide seguru bat jartzea eskatzen dugu".
Halaber, Bolinburuko baserrirako sarrera malda konpontzeko ere eskatzen dute: "Baserrirako sarrera malda handiarekin eta hormigoiarekin oso gaizki geratu zen; euri pixka bat egiten dutenean kotxeek ezin dute igo. AFAri eskatzen diogu hori bideratzeko. AFArekin harremanetan gaude eta pleno bidez eskaera irmoa egiten diogu hiru egoera horiek bideratu ditzan".
Barajuen eta Ibarra
Bestetik, Barajueneko urbanizazioaren proiektuaren zuzenketak onartu zituzten. "Gertatu dena da diru pila bateko obra dela, orduan, falta zaigu dirulaguntza lortzea. Bideratu dugu eta espero dugu laster iristea. Gero, urbanizatze lanean aldaketa batzuk egin ditugu jabetzen eta dirulaguntzen gorabeherekin. Momentu honetan, inbertsio batzuk ez genituen dirulaguntzaz bermatuta; proiektua eraldatu egin dugu eta gaiza natzil kendu egin ditugu, eta beste bat aldatu. Horrekin guztiarekin denbora atzeratzen ari da, eta badakigu auzotarrengatik eta guk ere badakigu obra hauek martxan jartzea komeni dela".
Ibarrako Ibargoia, Herriko plaza eta Zubiondo urbanizatzeko aurreproiektua onartu zuten. Arabako Foru Aldundiaren Dirulaguntza batera aurkeztuko dute erdiguneko sareak berritzeko proiektua.