AHTaren obrek kaltetutako bideak, konpontze bidean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko uzt. 21a, 15:34

Untzilla auzoan Adif egiten ari den lanak, joan den astean. (Argazkia: A.U.).

Untzilla auzoan lanak egiten hasi da Obras de Construccion e Instalaciones SA, eta ostean, etorriko dira Zabolan, A-4021errepidea, eta A-3920 errepidean, 32/360 eta 32/720 kilometro arteko puntua; kontratuaren arabera, urtebeteko epea dute lanek.

AHTaren obrek kaltetutako errepideak konpontzen hasi zen Adif Aramaion duela hilabete, eta, lanak hiru puntutan egingo badituzte ere, momentuz Untzilla auzoko obrak daude martxan. Etxebarri baserritik Arragena baserrirainoko bidegurutzean ari dira lanak egiten, eta, Asier Agirre Aramaioko alkateak adierazi duenez, bidea "berritu eta zabaldu" egingo dute. Horrekin batera, auzoko ur, argindar eta telekomunikazioko azpiegiturak ere berrituko dituzte. Agirrek aurreratu duenez, obren helburua da "oinezkoen segurtasuna bermatzea".

Adifek azaroan aurreratu zuenez, Untzillan, zehazki, A-3920 errepidearen elkargunea egokitu eta hobetuko dute. Horren gainean 230 metroko tarte batean jardungo dute, A-4021 errepidearekin, gaur egun dauden lotuneetako bat kendu eta ikuspen handiagoa emanda. Era berean, A-4021 errepidea zabaldu egingo dute bidegurutzetik, 200 bat metroko luzeran. bost metroko galtzada bat eraikiko dute, zoru berriarekin, drainatze-obrekin eta dagozkion kanalizazioekin.

Hurrengo pausoak

Zabolan eta A-3920 foru-errepidean 32/360 eta 32/720 kilometro-puntuen arteko zatian ere egingo ditu lanak Adifek. Alkatearen esanetan, Zabolako lanak Untzillan egiten ari direnen antzekoak izango dira, baina Adifek soilik auzoaren sarrera hobetzeko konpromisoa hartu du: "Zabolan auzoaren sarrera konponduko dute; dena den, auzoan egin beharreko obrak Udalak aztertuko ditu, auzoaren beharren eta Udalaren baliabideen arabera". Proiektuaren arabera, Zabolan, A-4021 errepidean sei metroko zabalerako galtzada bat eraikiko dute, eta edukiontzien inguruko eremua egokitu egingo dute.

A-3920 foru-errepidearen 32/360 eta 32/720 kilometro-puntuen arteko zatian, berriz, Adifen asmoa da egungo plataforma zabaltzea, errepidearen ertza errespetatuz, azpitik doan Aramaio errekastora lurra ez isurtzeko. Gainera, sestra igo egingo dute Aramaio ibaiaren bidegurutzean.

Epeak eta aurrekontua

Obras de Construccion e Instalaciones SA enpresari esleitu dizkio lanak Adifek. Aurrekontua 3.472.263,32 eurokoa da, eta, esleipen kontratuan jasota dagoenez, hamabi hilabeteko epea izango du obrak bukatzeko. Dena den, Agirrek aurreratu du denbora gehiago beharko dela, ekainean hasi behar zituzten zenbait lan urrira atzeratu dituztelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak