Hamahirugarren edizioa izan du Lorabarri azokak

Gontzal Belategi Zubia 2025ko mai. 12a, 16:02

Ekoizleekin harreman zuzena izateko baliatu nahi izaten dute unea antolatzaileek, eta "gustura" jasotzen dute aukera saltzaileek. Herriko egutegian "markatuta" dagoen egun bat da.

Beste urte batez, Lorabarri astea antolatu dute Aramaion. Hamahirugarren edizioa izan da aurtengoa, eta ohiturari eutsiz, azoka izan da astearen puntu nagusia. Askotariko produktu ekologikoak izan dira bertan salgai, gehienak urtean zehar Ekonomatoan eskuragarri daudenak. Hala ere, azokaren helburua produktu hauek ekoizten dituzten pertsonei aurpegia jarri eta hauekin hitz egiteko aukera izatea dela azaldu du antolakuntza lanetan ibili den Irati Mujikak: "Ekonomatoan ikusten genuen urte guztian baditugula Euskal Herriko zenbait ekoizleren produktuak, Aramaion ekoizten ez direnak, eta hasi ginen Lorabarri azoka baliatzen txandaka-txandaka ekoizleak gonbidatzeko azokara, eurak ezagutu eta beraiekin zuzeneko harreman hori lantzeko".

Hasiera batean eguraldiaren beldur izan arren, azkenean, saltzaileak gustura agertu dira azokak emandakoarekin. Gehienak Lorabarri azokan aurrez egondakoak ziren, batzuk aspaldian etorri gabe egon arren.

Astearen balorazioa, "positiboa"

Mujikaren hitzetan, antolatzaileek astearen balorazio "positiboa" egiten dute, eta pozik agertu da Lorabarri herrian ondo sustraitutako proiektua delako: "2011ko udazkenean jarri genuen martxan Ekonomatoa, eta hortik hilabete batzuetara, 2012ko maiatzean, egin genuen lehenengoko Lorabarri astea. Ja hamahiru urte goaz, eta pozik. Herriko egutegian markatuta dagoen egun bat da, eta ikusten da jendeak baduela interesa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak