Antolatzaileak zein produktoreak pozik Lorabarri azokak emandakoarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mai. 10a, 17:06

Gaurko azoka da eguenean hasitako XIII. Lorabarri Astearen ekitaldi nagusia. 11:00etan zabaldu ditu ateak eta herriko ekonomatoan aurki daitezkeen produktuak ekoizten dituzten ekoizleak egon dira nagusiki. Produktoreekin zuzeneko harremana izateko aukera eman du, beste behin, azokak.

Herriko plazan eta toldo azpian ipini dituzte salmenta postuak ekoizleek. Askotariko jatorri eta sektoreetako produktuak eskaini dituzte: orturako landareak, gazta, ardoa, olioa, arbendolak, ortuariak, gozoak, edari hartzituak, kosmetika, artisau lanak... Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna izanik bertan izan da, baita ere, Arrasateko Harreman denda.

"Ekonomatoan urte guztian dauzkagu Euskal Herriko zenbait ekoizleren produktuak eta hasi ginen Lorabarri azoka baliatzen txandaka horrelako ekoizleak azokara gonbidatzeko, ezagutu eta zuzeneko harremana lantzeko", azaldu du Aramailu kontsumo elkarteko kide Irati Mujika Larretak.

Mujita pozik azaldu da beste urte batez herritarrek azokari egindako harrerarekin. "Jendea etorri egiten da eta pozgarria da hori. Azoka da Lorabarri Asteko ekintza nagusian. Bestetik, eguenean egindako nekazaritza sintropikoari eta baso jangarriei buruzko oinarriko ikastaroan parte hartzea ona izan zen eta jendea oso gustura egon zen. Zerbait berria izan arren interesa azaldu zuen jendeak", esan du.

Saltzaileak ere gustura azaldu dira. Gehienek ezagutzen zuten Lorabarri Azoka aurreko edizioetatik; izan ere, bertan izandakoak dira. "Mugimendua dago eta lanean ari gara poliki poliki", azaldu du Etxe Txiki hazitegiko arduradunak. "Ekoizle txikiak gara gu eta azoka txikietan mugitzen gara. Aramaioko Lorabarri azokara oso gustura etortzen gara. Iaz etorri ginen lehen aldiz eta aurten errepikatu egiten dugu".

Ekoizleen artean egon dira, baita ere, aspaldiko urteetan etorri ez eta aurten bueltatu direnak. Horien artean dira Oibar herriko (Nafarroa) Mendiko etxea. Olioa, ardoa, ozpina eta antzerako produktua ekarri dituzte. "Gure produktuak ekonomatoan daude salgai eta baziren bost bat urte azokara etortzen ez ginela. Aurten animatu egin gara eta oso ondo doa goiza", esan dute.

Arrasateko Errastiko Ogia okindegiko lagunak ere bertan izan dira. "Denetarik ekarri dugu, egia esan. Goizeko lehen orduak geldo joan dira baina eguerditik aurrera animatu egin da azoka eta ondo lan egin dugu", esan dute.

Dokumentala arratsaldean eta auzolana bihar

Gaur arratsalderako Ganado o desierto dokumentalaren emanaldia dago iragarrita. Kultura etxean izango da, 19:30ean. Francisco Vaquero Robustillo egilea bertan izango da.

Biharko, berriz, auzolanerako deia egin dute Aramaion. Andramariko eskailerak garbituko dituzte 10:00etan hasita. Adin guztietako herritarrendako ekintza izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak