Aramaioko Lagun Artean dantza-taldearekin batera, Zuiako Dantzariak, Zigoitiko Oketa Alai, Murgiako Bidabarri eta Izarrako Triskari dantza-taldeetako dantzariek Arabako 12 euskal dantza plazaratu zituzten pilotalekuan. Aramaioko Lagun Artean dantza-taldeko Ane Arrizabalagaren esanetan, "oso ondo" joan zen arratsaldea.
Topaketen lehen edizioan aramaioarrak ez ziren izan, baina hurrengo urteetan ez dute hutsik egin. Bost herriak txandakatu egiten dira horrelako eguna hartzeko. 2019ko topaketa Aramaion egin zuten, beraz, asteburukoa bigarren aldia izan da.
Adin guztietako dantzariek prestatutakoa erakutsi zuten, eta Aramaioko erara dantzatutako Agurra, Lezeako zortzikoa, Aramaion sortutako Txakoli dantza eta Txulalai dantzatu zituzten, besteak beste. Talde ezberdinetako dantzariek aitortu zuten dantzaren bat edo beste ikasi beharra izan zutela.
Saioaren amaieran, dantza-taldeetako dantzariak, Arrasateko gaiteroak eta emanaldian parte hartu duten txistulariak frontoi erdian batu ziren, eta Lagun Artean dantza-taldearen partetik eskertza jaso zurten, Aramaioko dantzariek egindako Agurra-rekin. Hala, oroigarri gisa orga bana jaso zuten taldeek.