Kalejiran ateratzekoak ziren 200 dantzaritik gora, baina eguraldia ez zuten lagun, eta zuzenean Maider Unda frontoian elkartu dira Topaketarekin hasteko. Aramaioko, Zuiako, Zigoitiko, Murgiako eta Izarrako dantzariek Arabako 12 euskal dantza dantzatu dituzte: Agurra (Aramaioko erara); Trinidad de Kuartango; Lezeako zortzikoa; Arbol eta jota; Entradillak; Bercijana; Arbol de Pipaon; Contrapas de Galante de Uruñuela; Oficios, Castañuela, Romecejas; Jota de Pigajo, Txakoli (Aramaion sortutako dantza) eta Txularai.
Adin guztietako dantzariek prestatutakoa erakutsi dute, eta Aramaioko Lagun Artean dantza taldeko irakasle Ane Arrizabalagak adierazi du "oso ondo" joan dela arratsaldea: "Giroa oso ondo, arratsaldea ere bai eta oso pozik denok".
Bigarren aldiz Aramaion
Topaketen lehen edizioan aramaioarrak ez ziren izan, baina hurrengo urteetan ez dute hutsik egin. Bost herriak txandakatu egiten dira gaurko bezalako eguna hartzeko, eta 2019ko topaketa Aramaion egin zuten. Gaurkoa bigarren aldia izan da.
Bigarren aldi "berezia" gainera, Arabako dantzen barruan talde guztiek Agurra Aramaioko eran dantzatu baitute, eta herrian bertan sortutako Txakoli ere prestatu baitute. Gainontzeko taldeak Aramaioko dantzak "oso ondo" defendatu dituztela aitortu du. Aurrez bideoak eta jarraibiak bidali zizkieten ikas zezaten.
Saioaren amaieran, Zuiako Dantzariak, Zigoitiko Oketa Alai, Murgiako Bidabarri eta Izarrako Triskari dantza-taldeetako dantzariak, Arrasateko gaiteroak eta emanaldian parte hartu duten txistulariak frontoi erdian batu dira, eta Lagun Artean dantza-taldearen partetik eskertza jaso dute, Aramaioko dantzariek egindako Agurra-rekin. Hala, oroigarria ere jaso dute taldeek: orga bana.