Urtarrila eta otsaila artean izango den lehengo fasean, Kuadrillako Bertso Egunak egingo dituzte, hamalau denera. Aramaiok, Gorbeialdeko bi Bertso Egun hartuko ditu: otsailaren 1ean, santa eske egunarekin batera egingo dute lehena, eta otsailaren 7an bigarrena, Sastiñan.
Bigarren fasea, lehia bera oinarri izango duena, berriz, otsail eta martxo artean egingo dute. Lau finalaurreko egingo dituzte, eta, hirugarrena, martxoaren 9koa, Aramaiok hartuko du.
Ekimenaren ezaugarrietako bat da taldeka parte hartzen dela. Hori horrela, parte hartzeko, 3-6 bertsolariz osatutako talde batek beste kide batzuk –tartean gai-jartzailea, epailea, argazkilaria…– bilatu behar ditu, guztira 9-12 laguneko talde bat osatuz. Aramaion hiru talde osatu dira eta gogotsu daudela azaldu du Xabi Igoa bertsolariak.
Sustatzaileen hitzetan, lehia taldeka izateak bertsogintza eta inguruko bertsolaritza mugimendua astintzen ditu; parte-hartzea errazten du; bertso-eskolak indartzen ditu; eta bertsozaletasuna parte hartzetik sustatzen du.
Aurtengo txapelketan 26 aramaioarrek hartuko dute parte herriko hiru taldetan eta Paula Amilburu Gasteizko talde batekin lehiatuko da oraingoan.