Abuztuko oporraldiko etena tarteko ere, etxerako lanak ederto egin ditu taldeko musikari bakoitzak. Danbakako sari nagusia irabazi zutela pasatu dira zortzi hilabete eta euren bigarren diskoa izango denerako abesti gehienak sortuta bazituzten ere aldez aurretik, lan mardula egin dute Zestoako estudiora dena ondo finduta eramateko. Grabatu ostean, Gaztain estudioan bertan nahastuko eta masterizatuko dituzte abestiak.
Zortzi abesti, hitz landuekin
Zortzi abesti izango ditu disko berriak, sei euskaraz eta bi ingelesez. Lehen diskoarekin alderatuta, euskararen aldeko apustua egin dute aramaioarrek, eta ez edonolako hitzekin, gainera. Hitzak landuak, eta musika aldetik aldaketa ere badator. Abesti berriak jendaurrean jotzeko irrikaz daude claytondarrak baina zuzenean aurkezteko ordua ez da udazken erdialdea baino lehen ailegatuko. Espero dute azaro erdialdean Arrasateko gaztetxean aurkeztea.