The Clayton taldeak irabazi du V. Danbaka Musika Lehiaketako sari nagusia

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urt. 14a, 09:13

Disko bat grabatzeko aukera izango dute beraz, aramaioarrek. Halaber, finalista izan den Aiert Alberdi bakarlari oñatiarrak jaso du Publikoaren Saria eta Letagin oñatiarrentzat izan da Ekinez-Goiena Saria.

Atzo gauean jokatu zuten Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioko final handia, Bergarako Seminarixoan, eta The Calyton taldearentzat izan zen sari nagusia. Izan ere, ohiko maila, talentua eta ikuskizuna eskaini zuten oholtza gainean eta sari nagusia eskuratu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Lankidetza, Gazteria eta Kirola sailak babesten duena eta Monika Belastegi Goiena Taldeko presidentearen eskutik jaso zutena. Horrenbestez, disko bat grabatzeko aukera izango dute aramaioarrek eta, aurreratu zutenez, kantu berriak lantzen ari dira dagoeneko. Horietako bat, gainera, atzoko emanaldian oholtzaratu zuten, publikoaren txalo zaparrada eraginez.

The Clayton taldea, zuzenean jotzen.

Aiert Alberdi bakarlari oñatiarrak, berriz, bideoklipa grabatzeko aukera izango du, Publikoaren Saria eskuratu ostean –Bergarako Udalak babestutakoa–. Aipatzekoa da 2.000 boto baino gehiago jaso direla eta oñatiarrak boto guztien %15,82 jaso dituela. Kristina Markina Bergarako Udaleko zinegotziak eman zion saria.

Aiert Alberdi, Publikoaren Sariarekin.

Atzoko finalean egoterik izan ez bazuten ere, Letaginentzat izan zen Ekinez-Goiena saria eta, beraz, oñatiarrek parte hartuko dute ekainaren 9an eta 10ean Bergaran bigarren urtez egingo duten Ekinez jaialdian. Julen Iñarra Ekinez Elkarteko kidearen eskutik jaso zuten saria.

Letagin taldeko kideak, Ekinez-Goiena sariarekin.

"Ezin hobe datorkigu saria"

The Clayton taldeko abeslari Jokin Larrañagak adierazi du "oso albiste pozgarria" dela sari nagusia irabazi izana. "Bigarren diskoarekin lanean gabiltza, eta ezin hobe datorkigu saria. Furgoneta erosi beharraz ari naiz beti taldekideekin eta uste dut gertuago daukagula furgoneta sari honi esker. Finala ederra izan da. Jende asko egon da eta publikoak une ederrak eskaini dizkigu. Danbaka sekulako aukera izan da. Hasieran ez genekien zer izango zen eta konturatu gara asko eman digula: zuzeneko bi, grabaturik, sustapen handia…".

"Erabakia hartzea oso zaila izan da"

Iñigo Ugarte epaimahaiko kideak, berriz, nabarmendu du erabakia hartzea oso zaila izan dela. "Hiru talde, askotarikoak, eta epaimahaia anitza izatera, azken erabakia asko kostata hartu dugu. Zuzenekoak erabaki du. Oso zuzeneko ona eskaini dute irabazleek, hasieran kosta egin bazaie ere. Oso talde landua da, gitarren aldetik batez ere, jarrera bikaina duena agertokian".

V. Danbaka Lehiaketaren epaimahaiko kideak.

"Balorazio borobila, hamarrekoa"

Azkenik, Jokin Bereziartua Danbakako koordinatzaileak aitortu du "gau ederra" izan zela atzokoa, eta dena ondo atera izana azpimarratu du: "Hiru talde oso ezberdinak, emanaldi bikainak. Aiertek ahots gozoa du; Arragoak, berriz, oso ondo prestatutako zuzenekoa eskaini du, folka oinarri. Eta, irabazleak, The Claytonek, rock and rolla, erraietatik. Balorazio borobila, hamarrekoa, finalari eta Danbakari dagokionez".

Hiru finalista, gau borobila

Seminarixoa beteta zelarik, proposamen ezberdinak eskaini zituzten hiru finalistek, hasi pop melodia berezi eta sentikorrenetatik, pop-folkerantz eginez eta rock-and-roll doinuez amaituz.

Hiru finalistek ikur bana jaso zuten.

Irabazleei dagokienez, erritmoa hartzea apur bat kosta bazitzaien ere, ohikoa duten maila erakutsi zuten azkenerako, doinu itsaskorrak plazaratuz eta publikoaren erreakzio beroa eraginez. Goi mailako zuzenekoa dute aramaioarrek eta hori agerian utzi zuten atzokoan.

Arragoari dagokionez, folk doinuak oinarri hartuta, mundu bira bat proposatu zuten, Eskozia, Kuba, AEB edota Suediako doinuak oholtzaratuz, eta Euskal Herrian amaitu zuten. Gainera, publikoarekin batera borobildu zuten haien emanaldia, oholtzatik jaitsita. Edozelan ere, arazo teknikoak izan ziren Seminarixoko soinu-mahaian lehen kantuetan eta horrek izan zuen bere eragina gerora ere.

Aiert Alberdik, bere abesteko modu bereziarekin eta ahotsa modulatuz, marka propioa erakutsi zuen beste behin, eta Erlantz anaiaren laguntza ere izan zuen. Azken abestia, nola ez, amari eskainitakoa izan zen, eta horrek are gehiago azaleratu zituen emozioak.

Azkenik, DJ Gelak izan zuen Seminarixoko arkupea girotzeko ardura, finala hasi aurretik eta baita tarteko momentuetan ere eta, azken saioetan moduan, giroa bikaina izan da musikazaleen artean.

Finalistak eta sarituak.

Danbakaren itzulera

Debagoieneko hogei taldek hartu dute parte Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioan. 2010ean jokatu zen azkenekoz lehiaketa, eta berriro berreskuratu du Goiena Komunikazio Taldeak, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Urritik abendura bitartean bost kontzertutan aritu dira Seminarixoko agertokian hogei taldeak. Bart izan da azken kontzertu berezia, finala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak