Alkate berria izango du Aramaiok hurrengo lau urteetan; EH Bilduko sei zinegotzien babesarekin, Iban Herrarte Arana izendatu dute alkate. Ez da ezustekorik izan 2023-2027 agintaldiko Udalbatza osatzeko osoko bilkuran. Aurreikusi moduan, saio labur batean eratu dute Aramaioko Udalbatza berria. Osoko bilkuren aretora hainbat herritar joan dira, zinegotzi kargua hartu dutenei euren babesa erakustera.
"Legeak hala behartuta" formula
Adinekoen mahaia eratu du idazkariak lehenengo: Martin Arriolabengoak eta Amaia Pavonek osatu dute. Arriolabengoak gidatuta, zinegotzi guztiek hartu dute kargua, banan banan: "legeak hala behartuta" formula erabili dute kargua hartzeko zinegotzi guztiek.
Ondoren, bozketa egin dute. EH Bilduko sei ordezkariek babestu dute Iban Herrarteren hautagaitza; EAJko hiruek Alberto Amenabarren aldeko hautagaitza babestu dute. Modu horretan, Herrarte izango da Aramaioko alkate hurrengo lau urteetan. Aginte-makila hartu duenean, herritarren esku utzi du makila, "herritarren zerbitzura" lan egiteko dagoela esanez.
"Herritarren zerbitzura" lan egiteko
Aginte-makila hartu duenean, herritarren esku utzi du makila, "herritarren zerbitzura" lan egiteko dagoela esanez. Nabarmendu du azken lau urteetan ondoan izan duen lantaldea izan duela gogoan. Kargua hartuta, alkate moduan egingo dituen lehenengo lanak gogoratu ditu: eolikoen kontura, herritarrek eskatu dioten agintea hartzea egokitzen zaiela esan du: "Halabeharrez, eta gustukoa izan ez arren, tokatu zaigu eolikoen alegazioak egitea. Hasita gaude horrekin; agintea hartuta herritarrek eskatu diguten alegazioak jartzen gabiltza". Gainera, jaiak ere gainean dituztela eta horiek "ondo eta gustura ospatzeko" ilusioa erakutsi du.
Oposizio eraikitzailea
EAJko zinegotzi Alberto Amenabarrek ilusioz eta lanerako gogoz hartu du kargua, oposizio eraikitzailea egingo dutela nabarmenduz. "Errespetua eskatzen diot Gobernu berriari, errespetuz erraz eta polita izango da dena".
Herrartek ere denon artean lan egiteko prestutasuna erakutsi du, errespetuz eta elkarlanean Aramaio aurrera ateratzeko.