11:00etan hasi da Erretiratuen Eguna, 57 postu batu dituen azokarekin: barazkiak, gozoak, bitxiak, arropa... askotariko produktuak izan dira Nardeaga kaleko bi ertzetan. Artisau eta nekazariek "pozik" hartu dute gaurko eguna, eta azaldu dute pandemiaren ostean, "asko eskertzen dela" halako topaguneak berreskuratzea. Bestetik, animaliek ere izan dute haien txokoa; oiloak, ardiak, behorrak eta astoak egon dira. Nabarmentzekoa da ekoizle eta baserritarren erdia baino gehiago aramaioarrak izan direla gaurkoan; orotara, 29.
Eta Nardeagatik behera egin eta plazara gerturatu ahala, musika eta talo usaina zen nagusi. Ikasleek taloak egin eta saldu dituzte ikas-bidairako dirua lortzeko. Eurekin batera, arkupeetan, euskal dantzak egin dituzte, ikastaroko talde guztiek.
Ana Martiarena Kultura zinegotziak esan du gaurko eguna berezia izaten dela: "Polita da herritar guztiek bat egitea erretiratuekin. Hemen, Erretiratuen Egunean, guztiok parte hartzen dugu". Horri gehitu dio, urte arruntetan, 4.000 bat lagun batzen zirela Aramaion –asko Arrasatetik eguna pasatzera joandakoak–, eta gaurkoan, eguraldiaren eragina "nabarmena" izan dela.