Erretiratuen Eguneko azoka egingo dute bihar, Aramaion

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko urr. 29a, 09:31

Nardeaga kalean jarriko dute animalien eta artisauen azoka. 12:00etan meza nagusia izango dute, eta 14:30ean bazkaria eskolako jangelan.

Erretiratuen Eguna ospatuko dute aurten. Herrian ondo errotuta dagoen jaia da, eta, urtebeteko etenaldiaren ondoren, berriro ere indarrez dator. Bihar, zapatua, egingo dute azoka eta bazkaria.

Azoka Nardeaga kalean izango da, 11:00etatik aurrera, eta ia 60 postu jarriko dituzte. Herriko postuak 29 izango dira eta kanpotik datozenak, 28. Herriko postuetan denetarik egongo da. Batetik, animaliak: oiloak, behorrak, astoak eta ardiak; eta, bestetik, barazkiak, eskulanak, gozogintza... Kanpotik datozenek ere aukera ugari ekarriko dute: eskulanak, bitxigintza, sukaldeko tresnak, kroketak...

Herriko elkarteak

Azokan, nekazariez eta artisauez gain, herriko hainbat elkarte ere egongo dira. Ohiturari eutsiz, San Martin eskolako seigarren mailako ikasleek pastelak salduko dituzte; dantza taldekoek, gozogintza; trikiti elkartekoek, tortilla-pintxoak; Itur Zuri elkartekoek, eskulanak; Harreman dendak, bidezko merkataritzako produktuak; eta Aramaioko ikasleek taloak egingo dituzte.

Meza eta dantzak

Erretiratuen Eguneko meza 12:00etan egingo dute, parrokian, Bizente Goikoetxea abesbatzak lagunduta. Mezaren ondoren, dantzen txanda izango da. "Aurtengo ikasturtean adin ezberdinetako sei talde gabiltza dantza ikastaroan", azaldu du Oihane Vicente irakasleak. Talde guztiek parte hartuko dute eta euskal dantzak dantzatuko dituzte. Eguraldiak laguntzen badu, plazan izango dira dantzak; eta euria eginez gero, udaletxeko arkupeetan. Gainera, Trikikalejira trikiti taldeak kaleak girotuko ditu musikarekin.

Nagusiei omenaldia

Urteroko ohiturari eutsiz, herriko nagusienak omenduko ditu Udalak. Iaz oroigarria jaso zuten berberak izango dira aurtengo omenduak ere: Fermin Etxebarria Elorza eta Mari Carmen Zurbano Egaña, hain zuzen. Udal ordezkarien eskutik oroigarria jasoko dute.

Fermin Etxebarria eta Carmen Zurbano, 2020ko oroigarria jasotzen.

14:30ean, erretiratuek bazkaria egingo dute, eskolako jangelan. Egun paregabea pasatzeko aukera izango dute.

Trafikoan izango duen eragina

Gaur, Nardeaga 20tik behera garaje eta atarietako sarrerak libre utzi beharko dira; eta Nardeaga kaleko 32tik 33ra trafikoa moztuta egongo da. Bihar, Nardeaga 30etik behera eta Pedro Ignazio Barrutia 7-9an ezingo da aparkatu, eta trafikoa moztuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak