Eskolako komunitatea osatzen dutenek San Martin eskolaren izena aldatzea erabaki zuten martxoan. Prozesuak aurrera jarraitzen du: izena proposatzerakoan kontuan hartu beharreko irizpideak zehaztu zituzten lehenengo; eta orain, izenak proposatzeko aukera dago.
Herritar guztiei zuzendutako prozesua da eta astelehenera arte dago horretarako aukera. Bi kutxa jarri dituzte horretarako: bat Kintelena dendan dago eta bestea kultura etxean. Horrez gain, ikasleek eskolan ere badute izen proposamenak uzteko kutxa, eta mezu bidez ere proposatu daiteke: aramaioeskola@aramaioeskola.eus helbidera idatzita.
Izena aldatzeko arrazoiak
Izena aldatzeko arrazoi nagusia da izen bereko beste eskola bat ere badagoela, eta horrek txarto ulertuak sortzen ditu; eta beste arrazoia da San Martin santu izena dela, eta, gaur egun, santuaren izena ez den izen bat aproposagoa ikusten dute.