Bigarren eskuko azokarako materiala dagoeneko eraman daiteke ekonomatura

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mai. 3a, 09:43

Lorabarri astea ospatuko dute Aramaion. Ekimen horren bueltan, bigarren eskuko azoka egingo dute datorren zapatuan Bizente Goikoetxea plazan; bada, dagoeneko, hasi dira materiala jasotzen, ekonomatuan.

Lorabarri azoka hutsa baino askoz gehiago da. Hori erakutsi dute azken urteetan, eta aurten ere helburu berarekin datoz. Zailtasunak zailtasun eta egoerak egoera, Lorabarri asteko egitaraua prest dute antolatzaileek. Hitzaldiak, erakusketak, bigarren eskuko azoka eta bertako ekoizleen azoka izango dira aurten ere.

Bigarren eskuko azokan salgai jarriko duten materiala jasotzen hasi dira dagoeneko, ekonomatuan. Lehenengo hitzaldia, berriz, martitzenean izango da.

Eremu elektromagnetikoak

Martitzenean, eremu elektromagnetikoen eta osasunaren arteko harremanaz hitz egingo du Asier Arregi geobiologoak. 5G, osasuna eta elektromagnetismoa izango da hitzaldiaren gaia, eta elektromagnetismoak eta teknologia berriek izan dezaketen eraginez arituko da. Hitzaldia 18:30ean izango da, kultura etxean.

Eguaztenean, berriz, Nekane Juradok eskainiko du hitzaldia: Gaitasunen eta dohainen ekonomia –gazteleraz izango da–. "Gaur egun bizi dugun osasun krisia ze momentutan gertatu den azalduko du. Osasun krisia baino zerbait gehiago dela ikuspuntutik abiatuta, gaitasunen eta dohainen inguruan arituko da", azaldu du Irati Mujikak, Lorabarriko antolatzaileak. Norbanakoak dituen gaitasunen inguruan hausnartu eta hortik abiatuta beste ekonomia bat posible dela azalduko du Juradok.

Sarrerak erreserbatu

Hitzaldiak kultura etxean izango dira; hori horrela, kultura etxeko arauak bete beharko dira. Sarrerak doan izango diren arren, aurrez erreserbatzea komeni da. Sarrerak udal atarian erreserba daitezke, eta egunean bertan, sarrerarik geratuko balitz, kultura etxean bertan erreserbatzeko aukera egongo litzateke.

Eskolaren parte-hartzea

San Martin eskolak aspalditik parte hartzen du Lorabarri astean. Aurten, parkean eraiki berri duten zume bizidun jolasguneari buruzko ekimena egingo dute. Egubakoitzean, maiatzaren 7an, eskolako umeek jolastokiari buruzko azalpenak emango dituzte; eta zapatuan, zume bizidun jolasguneari buruzko argazki erakusketa jarriko dute ikusgai. Azoka maiatzaren 8an izango da: "Nahiz eta baldintzatuta egon, azoka mantentzea erabaki dugu". Herriko ekoizleen produktuak eta beste zenbait produktu egongo dira salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak