Sei egunetan 22 positibo atzeman dira Aramaion eta horrek intzidentzia tasan bete-betean eragin du, 1.823,32 izanik gaur. Hona hemen azken 14 egunetako positiboak:
Egunak | Urt. 19 | Urt. 20 |
Urt. 21 |
Urt. 22 | Urt. 23 | Urt. 24 | Urt. 25 | Urt. 26 | Urt. 27 | Urt. 28 | Urt. 29 | Urt. 30 | Urt. 31 | Ots. 1 |
Positiboak | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 | 3 | 0 | 0 | 1 | 5 | 1 | 1 | 5 | 9 |
Hala ere, ez da "herri gorrien" zerrendara batu, 5.000 biztanletik beherako herrietan hiru aldagai hartzen baitira kontuan herri hori "gorria" den edo ez ondorioztatzeko: 100.000 biztanleko 500eko intzidentzia-tasa gainditzea, azken zazpi egunetan hiru kasu edo gehiago erregistratzea eta dagokion osasun eremua ere "gune gorrian" kokatzea.
Aramaioren kasuan, lehenengo bi aldagaiak betetzen ditu, baina Debagoieneko ESIren baitan dago, eta azken datuaren arabera, 296,24ko intzidentzia-tasa du osasun eremuak. Arrasate, Bergara, Oñati eta Leintz bailara barnebiltzen dituen Erakunde Sanitario Integratua "eremu horian" dago. Eta nabarmentzekoa da, izan ere, EAEko ESI bakarra da egoera horretan.
Hala, Aramaion, ostalaritza establezimenduek ez dituzte ateak itxi beharko eta eskola kirola bertan behera geratuko da Udalak kiroldegia ixtea erabaki duelako. Egoera zein den ikusita, herritarrak kezkatuta daude.
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude azken datuak atalean.
Hainbat kasu eskolan
Aramaioko egoeraren adierazle da San Martin eskolako egoera. Hainbat kasu positibo atzeman dituzte han azken egunetan; hala ere, zuzendaritzatik nabarmendu dute eskola zabalik dagoela. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Euskal Hezkuntza sistemak 17.554 gela ditu guztira, eta horietatik 221 daude itxita, %1,20.
Eraikin batzuk, itxita
Gauzak horrela, Osasun Sailetik agindurik egon ez den arren, Udalak berari dagozkion eraikinen erabilera aztertzea erabaki du: "Eskolako jardunarekin zuzenean lotuta dauden eraikinen erabilera aztertu da, eta erabaki da datorren astelehena bitartean Kultura etxea, Musika etxea, entsegu lokala eta Kiroldegia ixtea, eta ondorioz, bertan behera geratuko dira bertan ematen diren ekintza, klase eta bestelako ekintza guztiak". Nolanahi ere, kultura etxean, liburutegiko mailegu zerbitzua mantenduko dela jakinarazi du.
Bestetik, eguneko zentroak eta udaletxeak orain arteko neurriekin jarraituko dute.
Bukatzeko, Aramaioko Udalak azaldu du datorren astelehenera arte behintzat, erabakiak indarrean jarraituko duela. "Egun horretan, datu eguneratuak izan ostean, aztertuko da egoera eta dagozkion erabakiak hartu eta jakinaraziko dira", gehitu du.