Egokitu egingo dute Sorginzubiko hariztia

Julen Iriondo 2019ko mar. 14a, 15:18

Zuhaitz motzez osatutako baso zaharra da Azkoaga auzokoa, Salaberri familiak Udalari dohaintzan emandakoa. Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin, txukundu egingo dute, bertako flora eta faunaren inbentarioa egin, eta bisitetarako prestatu ere bai. 

Aurtengo aurrekontuetan 9.000 euro bideratu ditu Udal Gobernuak lanotara, eta horietatik 6.000 Eusko Jaurlaritzatik iritsiko dira. Udaleko Ingurumen eta Mendi batzordeko buru Jon Ugarteren arabera, aberastasun handiko basoa da Sorginzubikoa: "Aberatsa da, batetik, hariztia izateagatik, harizti askorik ez dugu-eta gure inguruan; bestetik, zuhaitz zaharrak direlako. Dira bere garaian moztutako zuhaitzak, aprobetxamendurako; adarrak mozten ziren eta aprobetxatuko zituzten su-egurretarako, ikatzetarako... eta inguruan, ziur asko, ganadua ibiliko zen behean. Ez dira zuhaitz zaharzaharrak, baina bai zahartutakoak: zuloak-eta dituztenak, formak ere oso bereziak, adarrak zabalak, barrutik hutsak eta hiltzen ari direnak".

Ugartek dio ezaugarriotako basoak ez direla oso ugariak Euskal Herrian, Kantauriar isurialdean, batez ere, nahiz eta gero eta gehiago egon: "Duela 80 urtera arte ustiapen handia izan zen, baina gero kendu ziren zuhaitzok, pinua hasi zen, eta denborarekin ari gatzaizkio basogintzari uzten, eta gerora izango ditugu zuhaitz zaharrak, baina oraindik ez dugu askorik".

6.000 metro koadroko hariztia da, eta egingo dituzten lanak ondorengoak dira: "Ingurua hobetu egingo dugu, garbitu; hemen jendearen erabilerarako bide bat badago, eta bide hori mantendu. Bestetik, gune batzuk datozen bezala uztea izango litzateke, bertako landaretzarekin; eta soilgune batzuk ere egingo ditugu, landare berriak ere etor daitezen, ez daitezen, bakarrik, zuhaitz zaharrak izan, datozen zuhaitz gazteei ere lagunduz, ze besteak hil egingo dira denborarekin, eta berriak etor daitezen. Beraz, batzuk baso lanak izango dira; zuhaitz batzuk kimatu, adarrak-eta moztu, ikusteko nola berritzen diren eta nola mantentzen diren... Eta beste lan batzuk izango dira: inbentarioa egin, jakiteko zenbat zuhaitz dauden, eta ze egoeratan, eta ze fauna dagoen ere jakiteko, intsektu saproxilikoak, hegaztiak eta ugaztunak; eta panel batzuk jarri azaltzeko inguru honen aberastasuna eta jendeari erakutsi, bisitak eginez eskolako jendearekin eta herritarrekin".

Sorginzubiko hariztia, gainera, herriko familia batek, salaberritarrek, Udalari egindako dohaintza da: "Ikusten zuten leku aberatsa zela, eta euren asmoa zen Udalak hartzea, baina, betiere, bere aberastasun naturala babesteko. Baldintza hori jarri zuten, eta hori da gure asmoa; eta eskertzen dugu familiaren dohaintza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak