Giro paregabean dastatu dute aramaioarrek sagardo berria

Maite Txintxurreta 2017ko ira. 24a, 16:40

Eguerdian herriko hamar sagardo ekoizlek euren sagarrondoetako iazko uztatik egindako edaria eskaini dute plazan, eta herritar ugari bertaratu da, eguraldi onak lagunduta. Aurten, pilota elkarteko ordezkariak izan dira sagar zukuarekin txotx eginaz sagardo egunari hasiera ematearen arduradunak.

Hamargarren urteurrena ospatzen dihardu aurten Aramaioko Pilota Elkartea, eta horregatik, eurak izan dira aurten txotx egiteko gonbidatuak. Pilota eskolako arduradun Xabier Herrartek gonbidapena eskertu du, eta nabarmendu du elkartea osasuntsu iritsi dela urteurren borobilera.

Sagardoa laguntzeko, plazan bertan Lagun Artean dantza taldeko kideak, ume zein heldu, taloak egin eta egin aritu dira. Txorixo pintxoak ere banatu dituzte; hortaz, tripa betetzeko aukerarik ez dute falta izan bertaratutakoek.

Neska mutikoendako ere entretenimendurik ez da falta izan plaza inguruan. Sagardoaren partez sagar zukua hartu dute eurek, eta berau nola egiten duten bertatik bertara ikusi ahal izan dute Aramaioko Sagardozaleen Elkarteko kideen eskutik.

Ekoizleak, pozik

Euren sagardoa eskaintzen aritu diren ekoizleak ere pozik azaldu dira eguerdi partean sortutako giroarekin eta gerturatutako herritar kopuruarekin.

Botilatan ekarri duten sagardoa aurten "oso ona" izan dela diote Martinez anaiek, nahiz eta kantitatez apur bat urriagoa izan. 90 botila atera dituzte eurek. Egun eta asteotan ere izan dute lana sagarrak batzen, eta kantitateari begiratuta behintzat, datorren urtekoa oparoa izango dela dirudi, azaldu dutenez.

Erlazionatuak

Sagardo eguna ospatu dute Aramaion

Maite Txintxurreta 2017 ira 24 Aramaio

Sagardoaren bueltako eguna domekan

Eneko Azurmendi 2017 ira 22 Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak