Sagardoaren bueltako eguna domekan

Eneko Azurmendi 2017ko ira. 22a, 09:15

Azken urteetako ohiturari jarraituz, Sagardo Eguna antolatu du Udalak domeka honetarako, Aramaioko Sagarzalien Elkartearen laguntzarekin; txotx irekiera Aramaio Pelota Elkarteko kideek egingo dute, eta ondoren, dantza erakustaldia egongo da.

12:00etan emango zaio hasiera egunari, txotx irekierarekin, eta aurten, Aramaio Pelota Elkartea omenduko dute irekiera horretan. Jaiari hasiera eman ostean, eguerdi partean eta bazkalordura arte herriko sagarzaleek sagardoa eta sagar-zukua eskainiko dute plazan. "Sagardoa egiten duten aramaioarrek euren postua izango dute plazan eta herritarrek sagardo hori dastatzeko aukera izango dute, edalontzia euro batean erosita", azaldu du Paulino Ibabek, Aramaioko Sagarzalien Elkarteko kideak (ASE).

Bestalde, Lagun Artean dantza taldekoek taloak egingo dituzte plazan bertan eta salgai jarriko dituzte. 13:00etatik aurrera, dantza egiteko aukera izango da. Horrez gain, pintxoak eta txorizoak ere egongo dira.

Aurten, ohi baino lehenago

Ibabek adierazi du sagar denboraldia aurreratu egin dela aurten. "Aurreratuta dator fruitua. Normalean, hilaren bukaeran hasten gara, baina aurten hasi gara dagoeneko". Hala ere, sagar urte "oso ona" izaten ari dela azpimarratu du.

Edozeinentzat ateak zabalik

Duela hamahiru urte jaio zen Aramaioko Sagarzalien Elkartea, Ibabek dioenez, eta gaur egun 28 bazkide ditu. "Edozein izan daiteke bazkide, baina %75ek, gutxienez, aramaioarrak izan behar dute. 1.500 euro ordaindu behar dira bazkide egin ahal izateko". Hala ere, ez dago bazkide izan beharrik, edozeinek eraman dezake sagarra ASEra, bertan zukua edo sagardoa egiteko. "Interesa duenak deitu besterik ez dauka –689 58 99 13–, eta ordu bat jarriko zaio sagarrak ekartzeko. Onena da goizean goiz ekartzea, 08:00etarako. Hala, eguerdirako zukuarekin etxera zoaz".

Ibabek dio sagar desberdinak ekartzea dela egokiena, sagardo hobea atera dadin. Horrez gain, sagar garbiak eramatearen garrantzia ere azpimarratu du. "Egokiena da zuhaitzetik hartzea zuzenean, eta, lurretik hartuz gero, sagar ustel guztiak baztertu egin behar dira. Hala ere, berriz garbitzen ditugu. Garbitasuna ezinbestekoa da hemen, produktu ona irten dadin".

Urtean, 50-60 tona sagar

Batez beste, 50-60 tona sagar egiten dituzte urtean ASEn –bi hilabete inguru irauten du denboraldiak, azarora bitartean–. "Kopuru horren %60 baino gehiago zukura bideratzen da, eta urtetik urtera haziz doa portzentaje hori. Badirudi jendeari geroz eta gutxiago gustatzen zaiola sagardoa", dio Ibabek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak