Udalaren oharra
Joan zen astean Estatuko Aldizkari ofizialean Adifek Untzillan egin behar dituen desjabetzeak argitaratu zituzten. Informazio horren inguruan, Aramaioko Udalak oharra plazaratu du. Hau diote:
"Desjabetze hauek berandu datoz eta gainera larritasunaren izenean Adifek ez zigun ez proiektua ez ze prozedura erabili behar zuten azaldu, guk eskatu genion arte, eta gainera behin obrak hasita zeudela. Udalerri honetako udal gisa, uste dugu hau onartezina dela.
Aramaio herriak asko sufritu du 2008an gure udalerrian AHTaren obrak hasi zirenetik. Ordutik arazoak besterik ez ditugu izan. Obra berez amaituta egonda, otsailean horma bat eusten zuten gerrikoak apurtu ziren eta oraindik horma horren gainean dagoen baserrikoak etxetik kanpo egon beharra dauka.
Obra amaituta egonda gainera, oraindik ere ADIFek ez ditu gure udalerrian egin beharreko lanak amaitu, Aramaiori egin dizkion kalteak hor daude, bi auzo konpontzeko daude, mendi pista batzuk irteerarik gabe, ur emari asko galduta, urtebete Arrasaterako bidea itxita egoteak biztanleei sortu zizkien kalte-ordainak, …
Noiz arte jarraitu behar dugu sufritzen, ez dabilen eta eskatu ez dugun tren honen ondorioak? Orain artekoa ikusita zenbat eta noiz arte baldintzatu behar gaitu megaproiektu honek?
Aramaioko Udalak, beste behin ere Adifi eskatzen dio behingoan gure udalerrian pendiente dituen lanak amaitzeko eta obra guztiaren errepaso bat egitea gure herriari eta herritarrei segurtasuna bermatuz. Eta Eusko Jaurlaritzari, AHTko obrak hasi aurretik herrian esan zuen bezala, bermatzea gure udalerria jasaten ari den kalte guztiak ahalik eta txikienak izatea".
Mozioa onartu zuten aho batez
Gainera, gogora ekarri dute otsailaren 19ko lur-jausiaren harira Aramaioko Udalbatzak aho batez onartu zuen mozioa:
- Asteburuko AHTko obretako gertakaria oso larritzat jotzen du, eta ustez amaituta dauden obra batzuetan horrelakoak gertatzea salatzen du.
- Lehenbailehen gertakari honen arriskuak ebaluatu eta neurriak hartzeko eskatzen dio ADIFi.
- Azken gertakari honek zuzenean eragiten dion baserriaren egoerari konponbidea ematea exigitzen dio ADIFi.
- Baserri honetako jabeari egoera argitu eta konpondu artean bere babesa eta laguntza emango dio.
- Gertakari hau, eta orain dela urte gutxi, AHTko obren ondorioz, jasan genuen bide nagusiaren urte eta pikuko itxiera gogoan izanda, obraren arduraduna den ADIFi gure herriko lurretan dauden AHTko obren berrikuspena eskatzen dio, gure herritarren eta inguruen segurtasuna bermatzea exijituz.