"Gertakari hau, eta orain dela gutxi AHTko obren ondorioz jasan genuen bide nagusiaren urte eta pikuko itxiera gogoan izanda", egingo dizkiote eskaera horiek Adifi, atzo, eguena, Aramaioko Udal Gobernuak osoko bilkurara eramandako mozio baten bitartez.
Horrez gainera, Aramaioko alkate Lierni Altunak Goienari jakinarazi dio lur-jausia gertatutako esparruan argiteriarekin eta telefonia zerbitzuarekin lotutako arketako azpiegiturak desbideratzen dihardutela. Argindar azpiegiturak desbideratzeaz, hain justu, Aramaioko Udala arduratuko da, berak ematen du-eta zerbitzu hori udalerrian. "Bolinburuko auzotarrak argi barik geratzeko duten arriskua" saihesteko desbideratuko dituzte arketako azpiegiturak.
Pitzadurak ikusi, lurra jausi
Joan den bariku arratsaldean ohartu zen Aramaioko Untzilla auzoko Lugartegi baserriko bizilaguna AHTko euste-hormak eusten dituen bere lurretan pitzadurak zeudela. Udaleko arduradunak han izan ziren egoera ikusten. Eta 23:00etan hasi zen lurra jausten. Lurrarekin batera, euste-hormako hormigoiari eusten dioten hainbat pibote ere etorri ziren behera. Aramaioko Udaleko arduradunez gain, Diputaziokoak eta Sustapen Ministeriokoak ere izan ziren lekuan, eta baita Ertzaintza eta suhiltzaileak ere.
Gertatutakoaren aurrean, prebentzio neurri gisara ingurua zigilatu egin zuten, eta lekura ez gerturatzeko agindu zien Udalak herritarrei, zabaldutako mezu baten bidez. Era berean, Lugartegi baserrian bizi den emakumea etxetik kanpo dago zapatuaz geroztik. Izan ere, lur-jausiarekin, euste-horma gaineko zelaia hondoratu egin zen apur bat zati batean, eta euste-hormatik jausitakoak trenbidea joango den plataformara iritsi ziren.
Astelehenaz geroztik gertatutakoa aztertzen eta arazoari irtenbiderik egokiena bilatzeko lur-jausia gertatu deneko gunean dira Adifeko adituak, geo-teknikariak eta beste. Era berean, zapatuaz geroztik 24 orduan zaindaria jarri dute bertan.