Aramaioko Udalaren legealdi honetako proiektu estrategikoa da biomasarena. District Heating du izena proiektuak; Aramaioko baso baliabideak aprobetxatuz, bertako egurra baliatuz –ezpala litzateke erregaia–, ur beroa lortzean datza. Proiektua errealitate bihurtzen bada –eta Udaleko ordezkariak sinistuta daude hala izango dela– ezpala Udalak erosiko luke eta etxebizitzen jabeek aukera izango lukete euren egurra ere erabiltzeko. Gero, enpresa espezializatu batek galdarak instalatuko lituzke eta hura arduratuko litzateke banaketaz. Fakturazioaz, bestalde, Aramaioko Argindar Banatzailea enpresa arduratuko litzateke.
Hori guztia kudeatzen laguntzeko Biomasa Batzordea ere sortu zuten martxoan; Udaleko ingurumen arloko teknikariek, ordezkari politikoek eta gaian interes berezia duten herritarrek osatzen dute. Astero elkartu izan dira basoaren kudeaketa zehazten joateko.
Aramaioarren atxikimendu bila
Udaleko ordezkariak aspalditik ari dira lanean erakundeekin diru-laguntzak lortzeko; Euskal Energiaren Erakundearekin harremana ona da, esaterako. Era berean, handia izan da Euskal Herrian zein Estatuan proiektuak piztu duen interesa. Izan ere, Udalak esku artean duen proiektua gauzatzen bada, Aramaio lehen herria izango litzateke herri-gune –hasieran Ibarran jarriko da– oso baterako energia iturria biomasa izaten.
Lan handia egin da orain arte eta heldu da herritarrengana jotzeko ordua: "Proiektua bideragarria izan dadin herritarren inplikazioa eta atxikimendua beharrezkoa izango da. Horregatik sentsibilizazio kanpaina diseinatu genuen, herritarrari proiektua azaldu eta onuren berri emateko. Era berean, aipatzekoa da ziklo guztia Aramaion hasi eta bukatuko dela. Hortaz, energia aldetik menpekotasuna asko murriztuko da eta hori oso garrantzitsua da guretako", adierazi du Ramon Ajuria alkateak.
Bilera informatiboak azaroan
Sentsibilizazio kanpaina Arteman komunikazio enpresak diseinatu du eta dagoeneko aramaioarrek etxean jaso dituzte proiektuaren oinarrizko informazioa azaltzen duten esku-orriak. Erakusketa bat ere jarriko dute eta herritarrendako bilera informatiboak antolatu dituzte azaroan zehar; bihar egingo da lehena: "Ibarran bizi diren herritar guztiengana jo gura dugu uste dugulako modu zuzenean informatu behar zaiela. Taldeka antolatu dira bilera horiek eta 50 bat etxebizitzetako bizilagunak daude deituta. Osoko bilkuren aretoan izango dira saioak, euskaraz eta gazteleraz", dio Udaleko ingurumen teknikari Jon Toñak. Era berean, ingurumen zinegotzi Idoia Beitiak nabarmendu du Aramaiok energetikoki burujabe izateko gaitasuna duela: "Azpimarratzekoa da proiektu honek nolako eragina izango duen baso publikoetan zein pribatuetan. Aukera ematen du gure basoen ustiapen egoki eta neurtu bat egiteko. Behar den erregaia, egur guztia, Aramaioko basoetatik ekarriko da".
Fakturazioa, AAB-ren bitartez
Gainera, Aramaioko Argindar Banatzailea enpresaren bidez kudeatuko litzateke energiaren fakturazioa: "Duela 35 urte agintariek erabaki zuten argindarra herrian bertan kudeatzea. Gaur egun berbera egin daiteke biomasarekin, aukera dugu guk geuk kudeatzeko, herrira onurak ekartzeko eta kostuak murrizteko", argitu du enpresako ordezkari Xabier Arriolabengoa Luki-k.
Bileren egunak eta orduak
Azaroak 11
19:00 Bizente Goikoetxea plazako, Santa Kurtz abadearen plazako, Osteta kaleko, Matxain kaleko, Iturrizuriko, Nardeagako (1 eta 7 zenbaki artekoak) eta Ibargoiako (1 eta 7 zenbaki artekoak) bizilagunak.
Azaroak 12
19:00 Ibargoia kaleko bizilagunak, 9A, 9B, 11, 13, 15 eta 17 zenbakiak.
Azaroak 17
19:00 Ibargoia kaleko bizilagunak: 6, 8, 10, 12, 12A, 14, 16, 18, 20, 22, 24, 26, 28, 30, 19, 21, 23, 25, 27, 29 eta 31 zenbakiak.
Azaroak 18
19:00 Nardeaga kaleko bizilagunak, 8 eta 48 zenbakien artekoak.
Azaroak 19
19:00 Aita Gabriel Jauregi kaleko bizilagunak.
Azaroak 25
19:00 Pedro Inazio Barrutia kaleko bizilagunak: 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7A zenbakiak.
Azaroak 26
19:00 Pedro Inazio Barrutia kaleko bizilagunak: 8, 10, 12, 14, 16, 18, 20, 7 eta 9 zenbakiak.