Lehen atxikimenduak Aramaion etorkizuneko erregairako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko aza. 14a, 09:00

Martitzen iluntzean egin zen lehen bilera eta deituta zeuden ia bizilagun guztiak bertaratu ziren.

Biomasa Aramaioko etorkizuneko erregaia izateko bidean aurrerapauso garrantzitsua eman da  asteon, sentsibilizazio kanpainaren hasierarekin. Hasi dira Ibarran bizi diren herritarrekin bilerak, Udala hasi da aramaioarren lehen inpresioak jasotzen: "Oso ondo joan zen lehen bilera, parte-hartzeari dagokionez ia %100era heldu ginen. Hau da, deituta zeuden ia bizilagun guztiak gerturatu ziren", azaldu du ingurumen teknikari Jon Toñak.

Proiektuaren aurkezpen orokor baten egin zuten bi taldetan banatuta, euskaraz batzuendako eta gazteleraz besteendako. 

Galderendako tartean "kezka logikoak" gailendu ziren, Toñaren arabera: "Egungo gas propanoaren fakturarekin alderatuz murrizketa zenbatekoa izango zen galdetu ziguten, besteak beste. Egin diren ikerketen arabera, estimazioa da %30 merkeago irtengo litzatekeela. Baina estimazio bat da, atxikimenduen menpe ere badagoena".

Sinadurak, kalkuluak egiteko 

Proiektuak, bideragarria izan dadin, aramaioarren inplikazioa eta atxikimendua behar ditu orain: "Bileraren amaieran orri bat sinatzeko eskatu genien; garbi esan genuen ez dela kontratu bat, baizik eta gertu egongo ziren herritarrekin kalkuluak egiteko asmoen deklarazio antzeko bat. Sarean egongo direnen estimazio bat. Gure harridurarako, gehienek unean bertan sinatu zuten. Oso pozik gaude horregatik", azaldu du Toñak.  Lehen bi saioak egin dituzte asteon  eta azaroaren 26ra bitartean beste bost bilera egingo dituzte, kaleen araberako egutegi bat adostu ostean. Hau da, zazpi taldetan banatu dituzte Ibarrako bizilagunak. 

Proiektu estrategikoa 

Udalarendako legealdi honetako "proiektu estrategikoa" da biomasarena;  aspalditik ari dira lanean erakundeekin diru-laguntzak lortzeko eta Euskal Energiaren Erakundearekin, adibidez, harremana ona da. Horrez gain, handia izan da Euskal Herrian zein Estatuan proiektuak piztu duen interesa. 

Izan ere, proiektua gauzatzen bada, Aramaio lehen herria izango litzateke herri-gune  oso baterako –hasieran Ibarran jarriko da– energia iturria biomasa izaten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak