50 patata-tortilla jaso zituzten, 400 pintxo saldu, eta horrekin batera edariak ere saldu zituzten. Anelkarreko kideak oso eskertuta agertu dira, antzuolarren solidarirate gabe ezingo litzatekeelako ekimena egin.
Anelkarreko kide Edurne Iturbek adierazi zuen elkartearen helburua dela haurrekin eta emakumeekin lotutako proiektuak bideratzea, batez ere, haien bizi baldintzengatik: "Denok dakigu ze egoeretan dauden herrialde horietan. Askotan izaten da eskolak sortzea, ikasketak burutu ahal izateko; lo egiteko guneak sortzea, bidaia luzea daukatelako bestela. Baita amatasuneko guneak ahalbidetzea".
Datozen hilabeteetarako ere hainbat ekintza lotuta ditu Anelkarrek: urrian, film solidarioak; azaroan, gaztaina-erre jana, Santa Ageda eskea… Urtero antzerako ekintzak antolatzen dituztela adierazi du Iturbek, "belaunaldi-erreleboa falta delako ekintza berriak egiteko". Hala ere, Iturbek nabarmendu zuen ateak zabalik dituela elkarteak eta edozein kideekin harremanetan jartzea nahikoa dela: "Herritarrek badakite zeintzuk gabiltzan edo zeintzuk ibili izan diren honen bueltan. Gutako edonorena joanda nahikoa da esatea boluntario modura parte hartu nahi duela, edo ekintza baterako gure laguntza behar duela. Gu beti gaude esku bat botatzeko prest. Ez gara asko, baina beti gaude zabalik gauza berriak egiteko; eta, noski, jende gehiago geureganatzeko zentzu horretan".