Aurten ere, 50 patata-tortilla inguru jaso dituzte Elkartasun Jai honetan saltzeko, eta Anelkar Elkarteko kide Edurne Iturbe oso eskertuta agertu da, nabarmendu baitu jai hori ez litzatekeela posible izango, herrian dagoen solidaritate hori izango ez balitz.
Azken urteetan, bereziki, Kongon eta Senegalen dituzten proiektuetara bideratzen dute ekintzetan lortutako dirua. Iturbek adierazi du, proiektu horiek lotuta daudela, batez ere, umeekin eta emakumeekin: "Denok dakigu ze egoeretan dauden herrialde horietan. Askotan izaten da eskolak sortzea, ikasketak burutu ahal izateko; lo egiteko guneak sortzea, bidaia luzea daukatelako bestela. Baita amatasuneko guneak ahalbidetzea".
Anelkarren ateak zabalik
Ikasturte bat amaitu, bestea hasi eta oporren bueltan herritarrak elkartzeko jaia ere izaten da Elkartasun jaia. Datozen hilabeteetarako ere hainbat ekintza lotuta ditu Anelkarrek: "Urrian film solidarioak egongo dira Udalarekin elkarlanean, gaztaina-erre jana azaroan, Santa Ageda bezperan kantuan ateratzen gara, Antzuolako 8 Milietan ere ematen digute aukera postua jartzeko... Ekintza horietan batzen dugu dirua, eta alde horretatik, Antzuola oso eskuzabala da".
Urtero antzerako ekintzak antolatzen dituztela adierazi du Iturbek, eta "belaunaldi-erreleboa falta da ekintza berriak egiteko. Duela urte batzuk, talde gazteagoa sartu ginen, baina ez da erraza ekintza berriak sortzea, tarteka zerbait berezia egin izan badugu ere". Horregatik, azaldu du Anelkarrek ateak zabalik dituela: "Herritarrek badakite zeintzuk gabiltzan edo zeintzuk ibili izan diren honen bueltan. Gutako edonorena joanda nahikoa da esatea boluntario modura parte hartu nahi duela, edo ekintza baterako gure laguntza behar duela. Gu beti gaude esku bat botatzeko prest. Ez gara asko, baina beti gaude zabalik gauza berriak egiteko; eta, noski, jende gehiago geureganatzeko zentzu horretan".