Gure Txikixak gunea inauguratu dute Antzuolako hilerrian

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 15a

Herritarrek idatzitako mezuak erre dituzte inaugurazioan. (Argazkia: I.A.A.).

Erditu aurretik eta ostean hil diren haurrak oroitzeko txokoa, Gure Txikixak, inauguratu dute gaur arratsaldean Antzuolako hilerrian. Hitzartzeak, dantzak eta kantuak izan du jendetza batu den ekitaldiak. Gainera, bertaratu direnek haien mezuak erretzeko aukera izan dute.

2024an etorkizuneko hilerria marrazteko herri mailako lanketa egin eta gero, orduan irtendako ideietako batek forma hartu du orain. Hamar lagun inguruk gidatu dute prozesua, Esku Hutsik elkarteko eta Udaleko ordezkariak tartean.

Kristina Pavo da Gure Txikixak eta Esku Hutsik elkarteko kideetako bat, eta adierazi du, prozesua "oso polita" izan dela: "Egia da etorkizuneko hilerriari buruzko prozesu batetik etorri zela hau. Hasieratik esan ziguten txokoa egin zitekeela etorkizuneko hilerrian. Hori ez dakigu noiz izango den, baina egungoan badaukagu. Gaurko ekitaldia oso polita izan da".

Antzuolako alkate Olatz Lezetak azpimarratu du "pribilegiatua" izan dela prozesuan parte hartzeagatik, Udalaren izenean parte hartu badu ere, "bat gehiago" izan delako.

'Agurra' egin dute herriko bi gaztek inaugurazioan. (Argazkia: I.A.A.).

Ikusgarritasuna, dolu perinatalari

Pavoren esanetan, "garrantzitsua" da halako leku bat edukitzea, "gure umeei lekua egitea; gure umeak existitu direla aitortzea. Hori da dolu eta heriotza hauen ezaugarrietako bat. Jendeak, herriak eta komunitateak ez dituenez ume horiek ikusi, askotan ematen du ez direla existitu".

Lezetak ere nabarmendu du "beharrezkoak" direla horrelako lekuak: "Ematen du ezetz, baina gure bizitzako parte da hau ere. Batzuei umea tripan edo jaiotzean hiltzen zaie, eta horiek ez daude inon. Norberarendako bai, baina gizartea ahaztu egiten da. Behar dela uste dut existitu direlako eta badirelako. Gure komunitatearen parte izan dira eta izana eduki dute".

Gure Txikixak, hilerri sarreran

Herri Eskolako umeek marraztu dute bihotz formako apaingarria dago hilerri sarreran eta Gure Txikixan gunearen bueltan haiek eginiko izarrak jarri dituzte. Txokoa sartu eta eskumatara kokatzen da eta han ikus daitezke Sahatsa Jauregi hernaniarrak egindako eskulturak. Antzuolako Udalak egin ziton proposamena, eta taldearekin batuta egin du prozesua: "Beraiekin bildu naiz, desioak detektatu eta espazioa eskaini dugu agur erritualak egiteko lekua ere izango dena. Agur esateko modu eder bat da gauzak erretzea: paperak, gutunak edo oharrak. Pieza bat prestatu dut non lur azpira hondoratzen den metro batzuk eta aukera dute familiek euren gutunak erre eta agur eskutitz horiek errauts bitartez lurperatzeko". Errautsak ere bota daitezke, eta egoteko lekua ere badago.

Gure Txikixak gunea. (Argazkia: I.A.A.).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak