2024an etorkizuneko hilerria marrazteko herri mailako lanketa egin eta gero, orduan irtendako ideietako batek forma hartu du orain. Hamar lagun inguruk gidatu dute prozesua, Esku Hutsik elkarteko eta Udaleko ordezkariak tartean. Olatz Lezeta alkateak nabarmendu duenez, alkate bezala parte hartu duen "ekimenik politenetakoa" izan da Gure Txikixak sortzea.
Gainerako kideak ere "oso pozik" daude egindako bideak ekarri duen emaitzarekin: "Dolu honetatik pasa garenon arteko harremana sendotzeko balio izan du, eta bakoitzak buruan zeukanari denon artean bide emateko. Hala, dolu perinatala egiten dabiltzanek erriturako toki duin bat izango dute aurrerantzean Antzuolako hilerrian", azaldu du Kristina Pavok.
Lehenengo aldaketa sarrerako atean eta hesian topatuko dute bisitariek: Herri Eskolako umeek marraztu duten bihotz formako apaingarri bat eta izarrak. Sartu eta eskumatara dagoen zuhaitzaren inguruan egongo da txokoa: "Sahatsa Jauregi artistak diseinatu du, gure proposamenak aintzat hartuta. Hernaniko hilerrian egokitu zuen Jauregik halako gune bat. Erdian errautsak lurrera botatzeko hodi bat izango du, eta inguruan eserlekuak, patxadaz egoteko".
Inaugurazio ekitaldiaren bezperan, ostegunean, gaiarekin lotura duen dokumentala proiektatuko dute Torresoroan: Aitatxo: Isiltasuneko ahotsak. 19:30ean hasiko da aitaren begiradatik seme edo alaba baten galeraren dolua azaltzen duen ikus-entzunezkoa.