ALBISTEAK

60 lagun batu ziren Antzuolako bertso desafioan

Eki Letona Erretolatza 2026ko urtarrilaren 28a

Zapatuan bertsoak protagonista izan ziren Antzuolako Olalde Elkartean. Bertan, Kaleko bertso elkarteko Joxue Madariagak, Txomin Alberdik eta Jon Matak, Andoni Egaña, Bertsolari txapelketa nagusiko lau aldiz txapeldun, izan zuten aurkari. Ikusleek hirukote antzuolarra izendatu zuten bertso desafioko garaile. Mikrofonoa esku batetik bestera igarotzen zen bitartean, txalo eta barre artean, giro ederra sortu zen Elkartean. 

Fantasia batetik abiatu zen guztia. Bertso eskolako kideen artean aspaldian zebilen desira bat: Andoni Egañarekin kantatzea. Ametsetik errealitatera egin zuten jauzi joan den zapatuan, hilaren 24an, Antzuolako Olalde elkartean egindako bertso desafioan. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketara aurkezteko erabakia hartuta, entrenamendua beharrezkoa zela ondorioztatu zuten, eta entrenatzeko modurik onena "munduko bertsolari onenaren" aurka aritzea zela pentsatu zuten. 
 
Zapatukoa fantasia batetik sortu eta errealitate bihurtutako desafioa izan zen
Horrela, "fantasia bat betetzeko aukera" bihurtu zen zapatukoa Antzuolako bertso eskolako Joxue Madariaga, Txomin Alberdi eta Jon Matarentzat, Andoni Egaña maisuarekin aurrez aurre aritu baitziren bertso desafioan. Fantasia, kasu horretan, ez ihesbide gisa ulertutakoa, nahi den errealitatea sortzeko tresna gisa baizik. Iraia Gabilondok, saioaren gidaritza hartu zuen gai-jartzaileak, argi azaldu zuen hasieratik: "Desafioa ez da inoren kontra egiteko ariketa; alde egiteko aukera da". Irudimenaren, sormenaren eta izan nahi den horren alde egiteko aukera izan zuten, beraz, bertsolariek. 
 
 
Bazkalostean, 60 bat lagun elkartu ziren Olalde elkartean, trikiti eta pandero doinuek giroa berotuta. Mahaiaren bueltan, mikrofonoa esku batetik bestera igarotzen joan zen, txalo eta barre artean. Bertsoa izan zen protagonista, eta haren inguruan bildu zen herria. Saioari forma ematen hasi zirenean, koplatan egitea eta umorea ardatz izatea erabaki zuten, eta hark markatu zuen emanaldiaren tonua.
 

Denerako tartea

Saioak hainbat atal izan zituen. Hasteko, soinuaren laguntzarekin, libre aritu ziren, eta, ostean, Gabilondok lau gai jarri zizkien. Horietako batek bereziki eman zuen jokoa: Antzuolako bertsolariek Egañaren aspektu bana "esplotatu" nahi zuten –Matak haren izen ona edo fama, Alberdik burmuina eta Madariagak gorputza–, eta Egañak, bakoitzean, baimena eman edo ukatu egin behar zuen. Atsedenaldi labur batek eman zuen arnasa, soinuarekin giroa animatu zuten. Herritarrek parte hartzeko tartea izan zuten, bertsolariei puntuak jartzeko eskatu baitzieten. Amaiera borobila emateko, Egañak berak egin zuen saioaren kronika, seguidilla batean.
 

Hiru antzuolarrak garaile

Sarreran kartulinak banatu zituzten publikoaren artean: berdea Antzuolarentzat, gorria Egañarentzat eta urdina berdinketa adierazteko. Behin saioa amaituta, publikoari bozkatzeko eskatu zioten, eta, haren arabera, antzuolarrek irabazi zuten desafioa. Dena den, "helburua lagunarteko lehia bat izatea" zela azaldu zuen Gabilondok.
Herriartekorako ahotsak berotzen
Hirugarrenez jokatuko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, baina Antzuolako bertso-eskolako kideek aurten eman dute izena lehen aldiz, Kale edo Bale izenpean. Joxue Madariaga, Txomin Alberdi eta Jon Mata ariko dira bertsotan, epaile lanetan Alazne Jauregi eta gai-jartzaile Aritz Kortabarria. 
 
Taldekako lehia izango da eta inoizko parte-hartzerik handiena izan du hirugarren edizio honetan: 57 talde eta 350 bertsolari inguru arituko dira lehian, Gipuzkoako ia 100 saiotan. Lau fasetan banatu dute txapelketa eta lehen fasea antzuolarrek Debagoienean jokatuko dute, bailaran aurkeztu diren beste lau talderen aurka. Txapelketaren helburu nagusia bertso eskolen arteko saretzea eta bertso ekosistema indartzea dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak