Gaur arratsaldean giro ona eta bertsoak protagonista izan dira Antzuolako Olalde Elkartean. Bertan, Kaleko bertso elkarteko Joxue Madariagak, Txomin Alberdik eta Jon Matak Andoni Egaña izan dute aurkari, eta bi ordu baino gehiagoz bertsotan aritu ondoren, publikoak hirukote antzuolarra izendatu du bertso desafioko garaile.
Gipuzkoako III. Herriarteko Txapelketa hastear dagoela, lehenengoz lehian izena eman duten Antzuolako hiru bertsozalek haien bertsotarako abilidadea neurtzeko aukera izan dute gaur arratsaldean. Hala, 60 bat lagun Antzuolako Olalde Elkartean batu dira, eta bertan bazkaldu ondoren, trikiti eta pandero doinuek girotuta, hasiera eman diote bertso desafioari. "Lehiak funtzio bat daukanean badu zentzua, eta kasu honetan ikusi da herri zati handi bat elkartu dela bertso talde baten inguruan, bertso eskolaren deiari jaramon eginez. Hori gauza ederra iruditzen zait", nabarmendu du Egañak.
Iraia Gabilondo gai jartzailearen esanetara, bazkalosteari ginda jarri diote Madariagaren, Alberdiren, Mataren eta Egañaren bertsoek. Mikrofonoa esku batetik bestera igarotzen zen bitartean, txaloen eta barreen artean, giro ederra sortu da Olalde Elkartean.
Saioa amaitu ondoren, publikoak hirukote antzuolarra izendatu du bertso desafioko irabazle, baina, hala ere, Alberdik azaldu duenez, "helburua lagunarteko lehia" bat izatea zen, eta emaitzak ez du "garrantzia handirik" izan: "Jendea gustura gelditu da, eta hori da garrantzitsua guretzako".
Entrenamendu gisa
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketara begira, entrenamendu gisa, Egañaren aurkako bertso desafio bat egiteko ideia izan zuen Madariagak. Hala, gehiegi pentsatu gabe, Egañari proposamena egin zioten, eta desafioa egiteko eguna eta lekua adostu zuten. "Telefono dei bat izan zen, eta bitxia iruditu zitzaidan. Gaur iritsi naizenean ez nekien oso ongi zer egin behar nuen, baina gero oso natural joan da dena", adierazi du Egañak.
"Gustura" igaro du eguna Egañak, eta bertso eskoletatik horrelako ekimenak eta iniziatibak egitea "begi onez" ikusten du: "Bertsolaritzak, tipulak bezala, baditu hainbat kapa. Eta azalik garrantzitsuena herrietako bertso eskolak dira, eta bertso eskolen inguruan sortzen den mugimendua. Hori bete betean ikusi da gaurkoan, herriak babestu duen talde bat aurkeztu delako lehiara".