Goizper kooperatibaren sortzaileak eta lehengo zein egungo bazkideak izan dituzte gogoan

Hasier Larrea 2025eko abenduaren 22a

Antzuolako Goizper kooperatibaren parte izan direnek aitortza jaso zuten joan den asteburuan Torresoroan. Goizperren hamaika sortzaileen senitartekoek lora-sorta eta ikur bana eman zieten enpresako arduradunek, eta hildako, erretiratutako eta egungo bazkideei ere egin zizkieten keinuak.

Aretoa goraino bete zen omenaldi ekitaldian. Sarreran, Irati Gardokik gitarrarekin abestu zituen Aritz Soraluzek idatzitako bertsoak, eta ondoren hartu zuten hitza Unai Lopez Ormaetxea presidenteak, Iñaki Madina zuzendari orokorrak eta Olatz Lezeta Antzuolako alkateak. Argi geratu zen Goizperrek ondare garrantzitsua utzi duela Antzuolan, ez bakarrik herritar askori lana emateagatik, herriari hainbat onura sozial ekartzeagatik ere. Horixe esan zuen Blanca Legorburuk, Goizperren sortzailletako bat izan zen Pako Legorbururen alabak. 

1959an Kalegoiko baxu batean erein zuten Goizperren hazia. Kanpoko azoketara joaten hasi ziren merkatua ezagutzeko, eta pxikanaka nekazaritzarako produktu industrialak ekoizten espezializatu ziren, ihinztagailuak izanik produkturik arrakastatsuena. 450 langilek egiten dute lan gaur egun, 250 inguruk Antzuolan, eta Iruran, Ingalaterran eta Txinan ere badituzte egoitzak. Oparotasunera majo sufritu eta gero iritsi zirela nabarmendu zuen Legorburuk. 

Bizirik zeuden azken bi sortzaileak, Jose Mari Kortabarria eta Pako Legorburu, aurten zendu dira, baina haiek eta beste bederatziek markatutako bidea bizi-bizirik dago. Eta senideek gogo onez jaso zuten enpresak izandako detailea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak