Hilabeteak zeramatzan Goizperko zuzendaritzak enpresaren sortzaileei eta bazkideei aitortza-keinua egin guran, eta gaur izan da eguna. Duela 66 urte Kalegoiko baxu batean ereindako haziak ondare garrantzitsua utzi du Antzuolan; nekazaritzarako produktu industrialak ekoizteaz gain, herriari ekarpen handia egin izan dio betidanik: "Goizper gai izan zen kanpoko herrietara lanera joaten ziren antzuolar asko eta askori lana emateko", adierazi du ekitaldian Iñaki Madina zuzendari nagusiak.
Tomas Jauregik 1973tik egin zuen bertan lan eta 2007an erretiratu zen. Aitortu duenez, "bazkideenganako solidaritate egokia" erakutsi izan du beti enpresak: "Bazkideei aukerak eta erraztasunak emateko prest agertu izan da beti, eta arlo sozialean ere laguntasun handia eskaini du. Horregatik, sortzaile taldeari eskerrak ematea dagokigu, txapela kentzeko lana egin zuten!".
Bizirik zeuden azken bi fundatzaileak aurten zendu dira: Jose Mari Kortabarria eta Pako Legorburu. Azken horren alaba Blancak esan bezala, "etxeko bat gehiago izan da Goizper momentu askotan. Gaur egungo arduradunek sortzaileak gogoan izatea eskertzeko modukoa da".
Olatz Lezeta alkateak ere hartu du hitza, eta nabarmendu du "hamaika sortzaile horiek hamaika emakume" izan zituztela alboan, eta horiek ere merezi dutela aitortza.
450 langileko enpresa
Hala, Goizperko presidente Unai Lopez Ormaetxeak omenaldi xume gisa definitu du ekitaldia. Bere hitzartzean adierazi du enpresak ibilbide oparoa izan duela eta helburua dela ondorengo belaunaldiei Goizper hobe bat itzultzea: "Hau da, guk jaso genuen Goizper hori aberastu, indartu eta bermatzea".
Gaur egun 450 langile inguru daude Goizperren, 250ek Antzuolan egiten duten lan. Iruran, Ingalaterran eta Txinan ere badituzte egoitzak eta ekoizten duten produkturik arrakastatsuena ihinztagailua da.