Urrian hasiko dira Antzuolako uler-saioak, hartu-emana oinarri

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 25a, 16:02

Gipuzkoa Arigune egitasmoak bultzatutako saioak dira, eta elkarrizketak izango dira oinarri, libururik gabe; horretarako, metodologia lineala erabiliko dute AEK-ko kideek. otsailean amaituko dira eskolak; gaur-gaurkoz, 25 lagun inguruk eman dute izena

Euskara ulertzera iristeko eskolak dira uler-saioak, euskaraz oso gutxi edo batere ulertzen ez duten herritarrei zuzenduak, eta urrian hasiko dira, Antzuola Arigune egitasmoak bultzatuta, AEK-ko irakasleak bidelagun izanik. Julen Teran izango da gidarietako bat, eta azaldu du ahozkoa landuko dutela saio horietan: "Ez da libururik ez koadernorik erabiliko; azken batean, euskara ulertu ahal izatea da helburua, eta, horretarako, trebatzailearen eta ulertzailearen arteko hartu-emanean oinarrituko gara, gure arteko elkarrizketetan. Kasu honetan, galderak egingo ditut, eta ulertzaileek galdera horiek erantzun beharko dituzte, edo nik botatakoa erdaraz esan".

Edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz jardutea xede duen Gipuzkoa Arigune egitasmoak bultzatutako ekintzetako bat da uler-saioena –Gipuzkoako Foru Aldundia eta Taupa euskaltzaleen mugimendua daude horren atzean, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Badalabekin batera–, hor murgilduta baitago Antzuola, Aia eta Añorga herriekin. Euskaraz komunikatzeko gai den herri bat irudikatu nahian, buru-belarri aritu dira lanean azken hilabeteotan dozenaka herritar, eta azterketa komunitario bat egin ondoren erabaki dute uler-saioak martxan jartzea.

Metodologia lineala

Urrian hasiko dira saioak, eta asmoa da otsailean amaitzea, 120 ordu eginda. "Erabiliko dugun metodologia lineala da: A0-A1 mailetatik hasiko gara, eta helburua da A2-B1 mailako ulermena lortzea. Horretarako, A1 gainditzea izango da lehen urratsa, 30 ordu eginda; A2rako pausoa ematea izango da bigarrena, beste 30 ordutan. Maila hori erdiesten dugunean, kaleko elkarrizketa ulertzeko izango dira gainontzeko 60 orduak; hor dago erronka".

Batik bat, adineko pertsonak

Martitzenean, hilaren 22an, aurkeztu zituzten uler-saioak, Landatxope elkartean, adineko pertsonek eman baitute izena, batik bat, gazteagoak ere badauden arren –guztira, 25 lagun inguru batu ziren–: lehendabizi, proiektuaren nondik norakoak ezagutu zituzten, eta, ondoren, entzumen-proba bat egin zuten, parte-hartzaile bakoitzaren maila neurtzeko. "Hasiera batean, ez genuen hainbeste jende espero; horrenbestez, harritu egin gara jendea apuntatu ahala. Oso pozik gaude erantzunarekin", adierazi du Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak.

Haren hitzetan, herritar guztiek ulertuz gero euskaraz, hala egiteko aukera izango du nahi duenak, nahiz eta erantzuna erdaraz izan daitekeen: "Horrek ezinbesteko garrantzia du". Uler-saioetan parte hartzeko interesa izan dezaketen herritarrek oraindik ere badute izena emateko aukera, edo kezkak argitzekoa, udaletxean edo honako lotura honetan: labur.eus/ulersaioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak