Euskararen biziberritze prozesuan "jauzi bat egiteko unea" dela iritzita, Gipuzkoa arigune egitasmoa aurkeztu dute, horretarako "ezinbestekoa" delakoan "inertziak albo batera uztea, begirada altxatzea eta elkarrekin epe luzera begira jartzea", Mikel Ozaitaren, Taupa euskaltzaleen mugimenduko kidearen, hitzetan: "Sinetsita gaude gauza berriak esperimentatzeko unea dela, eta lurraldearen ezaugarriak aintzat hartuz, Gipuzkoari bide-urratzailea izatea dagokiola".
Bada, hori guztia gogoan bildu dira gaurkoan egitasmoaren sustatzaileak –Gipuzkoako Foru Aldundia, Taupa euskaltzaleen mugimendua, Soziolinguistika Klusterra eta Badalab– eta parte hartzen dabiltzan eragileak, Donostiako Tabakaleran; tartean, Olatz Lezeta Antzuolako alkatea eta Jabi Etxaniz antzuolarra izan dira, egitasmoaren lehen esperimentazio aldian pilotatzea gauzatzen dabiltzan herrietako bat baita Antzuola, Añorga eta Aiarekin batera.
Ulermena eta erabilera
Egitasmoak ulermena eta erabilera jarriko ditu jomugan, eta hiztun bakoitza, "norbere gaitasunetik abiatuta", urrats bat egitera animatu nahi dute sustatzaileek, "euskararen erabileran ardaztuko den kultura soziolinguistiko berri bat" eraikitzeko asmoz, Ozaitaren hitzetan. Izan ere, azpimarratu duenez, "aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, gaur egun euskararen erronka erabilera biderkatzeko baldintza egokiak sortzea" da: "Hiztunok euskaraz eroso aritzea erraztuko duten eremuak eta espazioak irabazteak garrantzia estrategikoa du, eta sinetsita gaude Gipuzkoari bide-urratzaile izatea dagokiola".
Eider Mendozak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, ere bidea urratzeari erreparatu dio, Gipuzkoak horretarako "aukera eta ardura" duela azpimarratuta. Haren hitzetan, euskararen alorrean "faktore hoberenak" dituen lurraldea da, "ulermen unibertsaletik gertuen dagoena, hizkuntza erabiltzen eta transmititzen den eremu gehien dituena, eta euskara sustatzearen aldeko jarrera zabalduena duena".
Ikuspegi komunitarioa
Jasone Mendizabalek, Taupako koordinatzaile orokorrak, egitasmo honetan ikuspegi komunitarioak duen garrantzia nabarmendu du: "Euskararen garapena eta komunitatearena elkarren eskutik gabiltza sustatzen; izan ere, hizkuntza tresna boteretsua da gizartea kohesionatzeko eta eraldaketa soziala bultzatzeko". Hori dela eta, azaldu du egitasmoa bera ere komunitatetik abiatzen dela, esate baterako, udalerriko erronkei eta aukerei erreparatzen zaielako komunitatearekin batera, euskararen ezagutzari eta erabilerari dagokionez. "Abiapuntuan oinarrizko proposamen bat badago ere tokian toki eraldaketa bultzatzeko non eta nola eragin behar den aztertu eta adosten da".
Metodologian ere jarri dute arreta sustatzaileek, eta Imanol Larreak, Soziolingustika Klusterreko zuzendariak, eta, era berean, antzuolarrak, erantsi du Aldahitz ikerketa "oinarri garrantzitsua" izango dela horretarako. "Hipotesitzat hartzen du ez dela ezinbestekoa euskaraz ongi hitz egiten jakitea hitz egiten hasteko, ulertzea nahikoa izan daitekeela besteak guri euskaraz egiten has daitezen, betiere, horretarako testuingurua sortzen badugu". Bada, hori ahalbideratzeko, hiru metodologiarekin dihardute: Uler-saioak, ulermena erdiesteko; Ulerrizketa, euskaraz ulertzeko tarteko maila dutenen eta maila ona dutenen arteko elkarrizketak sustatzeko; eta Eusle, euskara erabiltzeko konpromisoa hartzeko.
Egitasmoa, edozelan ere, esperimentazio fasean dago oraindik, 2.000 eta 3.000 biztanle arteko bi udalerritan (Antzuola eta Aia) eta auzo batean (Añorga). Hala ere, Goiatz Oiartzabalek, Badalabeko zuzendari nagusiak, hiru leku horietan egiten dabiltzan pilotatzeen berri eman du, ondoren egingo direnak nola gauzatuko diren argitzeko. Haren hitzetan, "ahalegin berezia" dihardute egiten egitasmoa antolatuko duen foroa "askotarikoa" izan dadin: horretarako, Udala, udalbatzako alderdi politikoak, euskalgintzako eragileak eta herritarrak biltzen dira, eta jendea aurkezpenetara banaka gonbidatzeko ardura hatzen dute; ondoren, komunitateak erabakitzen du eraldaketa bultzatzeko non eta nola eragin behar den, lanketa bat egin eta ondoren herrira zabaltzeko dinamika. Jendearen pasabide naturaletan "dispositiboak" antolatzea da azkeneko urratsa, "ahalik eta herritar gehien ibiliko den egitura publiko eta sozialetan".