Landatxope jubilatu eta erretiratuen elkarteak urteroko bazkaria egin du asteburuan. 100 lagun inguru bildu ziren Antzuolako eskolako patioan, eta bazkalostean ohitura den moduan bertaratutako bik jaso zuten zapia: Karmele Sansebastianek eta Alfonso Nietok. Zapia ez diete urtero helduenei jartzen, izan ere, urtero berdinek jasoko lukete: "Arau bat dugu elkartean. Urtero pertsona desberdinak zapia jaso dezaten, aukeratzen ditugu pertsonak" adierazi du Elkarteko Lehendakari Joxe Angel Arbuluk.
Aurtengo festetako zapia jaso zuten biek pozik hartu zuten aitortza. Nietok azaldu zuen ilusio handia egin ziola eta pozik zegoela 85 urte betetzeaz, eta Sansebastianek dantzan ospatu nahi izan zuen.
Egun borobila antolatu zuen Landatxope jubilatu eta erretiratuen elkarteak; goizean nahi izan zuenak mezetara joateko aukera izan zuen, eta ostean etorri zen Aguraingo Sarayola cateringekoek prestatutako bazkaria. Elkarteko lehendakaria pozik geratu zen egunak emandakoarekin.
Mahaiaren inguruan eserita zeudenek gustura hartu zuten eguna. Horrelako bazkarietan oso ondo pasatzen dutela adieraziz, eta antolatzaileek egiten duten lana azpimarratuz. Bazkarian zehar oso gustura egon ziren arren, ez ziren mahai inguruan eserita gelditu. Musika jarri eta dantzaldiarekin borobildu zuten egitaraua.